Mendia

Lau hamarkadako balentria

40 urte dira Martin Zabaletak Everesteko gaina jo zuela. Euskal mendizaletasunean mugarri izan zen.  

ainara arratibel gascon
2020ko maiatzaren 14a
12:56
Entzun

15:30ak pasatxo ziren, duela 40 urte. Martin Zabaleta lehen mendizale euskalduna bilakatu zen Everesteko gainera (8.848 metro) iristen. Ez zen euskal espedizio batek egiten zuen lehen ahalegina. Sei urte lehenago, Tximist espedizioa saiatu zen munduko mendi garaienaren tontorra jotzen. Baina 1980koa izan zen balekoa. Gaina jo, ikurrina jarri, eta oihu egin zuen. Artean ez zegoen sakelako telefonorik, irratiak bakarrik. Baina Uriartek tontorretik egindako oihua entzun egin zen. Hala jakin zuten bere espedizioko kideek gaina jo zuela. “Garai zailak bizi zituen Euskal Herriak, eta sinbolo bat izan zen igoera hura. Gure nortasunaren aldarria”, aitortu izan du Zabaletak.

Zabaletarekin batera, espedizioa osatu zuten Felipe Uriartek, Luis Mari Saez de Olazagoitiak, Angel Rosenek, Juan Ignacio Lorentek, Juan Ramon Aurrek, Kike de Pablosek, Xabier Errok, Ricardo Gallardok, Xabier Garioak, Emilio Hernandok eta Jose Urbietak. 16 milioi pezetako (96.161 euro) aurrekontua zuten.

Baina Zabaletak eta Pasang Temba xerpak lortu zuten gora igotzea. 15 minutu inguru izan zituen Zabaletak argazkiak ateratzeko. Balentria handia izan zen, orduan mendizaletasunak ez baitzuen zerikusirik gaur egungoarekin. Urtean bi baimen baino ez ziren ematen hara joateko, eta bakoitzak bere bidea zabaldu behar zuen. Artean 38 mendizalek baino ez zuten lortu Everest igotzea. “Guk 500 zama eramaile eta 25 xerpa genituen laguntzeko. Baina beheko kanpalekura iristeko, altuerara egokitzeko, bidea prestatzeko eta tontorrera igotzeko denbora asko behar zen”, azaldu izan du. Guztira hiru hilabete iraun zituen espedizioak.

12 orduko igoera izan zen, hegoaldetik, behe lainoz betetako bide batean. Oso igoera zaila izan zen, Tembak berak aitortu du ahalegina bertan behera uztekotan egon zela.  Baina lortu zuten. “Tontorrean zegoen txinatarraren tripodea ikusi nuenean, barruak buelta eman zidan”.  Behin gaina jota, hauek izan ziren Zabaletaren sentimenduak:  “Poza eta behean zeudenekin banatzeko beharra”.p>

Orduan atera zuten argazki ezaguna: Pasang Temba ikurrinarekin. Sinbolo bihurtu zen ikurrina. Ikurrin hura egun batzuk beranduago jaso zuten Kukuckza eta Czok poloniarrek, eta, egun, mendiari buruzko Poloniako museo batean dago. 45 minutu egin zituzten tontorrean, argazkiak ateratzen eta bideoren bat egiten. Hala, jaisten hasteko ordua zen. Hainbeste orduko igoeraren ondoren,  zaila zen jaitsierari heltzea. 15:35 inguru ziren, eta gaua gainera etorriko zitzaien. Temba, gainera, nekatuta eta oso ahul zegoen.

Baina ekin egin zioten. Alabaina, Tembak irrist egin zuen, eta iparralderantz erortzen hasi zen. Elkartu zirenean, Zabaleta konturatu zen Temba ez zihoala ondo, eta biei oxigenoa bukatu zitzaiela. Hala, aurrera pasarazi zuen Temba, eta soka batekin heldu. Baina Temba gero eta nekatuago zegoen. Hala, 8.700 metrotan pasatu behar izan zuten gaua, hego tontorreko artesi batean. “Behe kanpalekukoek jaisteko esaten zidaten, baina ezinezkoa zen. Gaur egoera horretan egongo banintz, behera jaitsaraziko nuen. Baina ezin zuen”-

Hala, gaua han pasatu behar izan zuten. “Gau gogorra izan zen. Ez urik, ez oxigenorik, ez lo-zakurik, ez dendarik, ez janaririk, eta sekulako hotza”. Hurrengo egunean iritsi zen salbazioa. Lorentek bi xerpa bidali zituen haiengana, tearekin, denda batekin eta oxigenoarekin. “Hunkigarria izan zen haiekin elkartu ginen momentua. Izugarri ondo kontu egin ziguten. Jota nengoen, eta deshidratatua; ez nuen beste gau bat iraungo kanpoan”.

Indarrak bildu, eta beherako bidea hartuz joan ziren pixkanaka.  Hurrengo egunean, hirugarren kanpalekutik gora zetozen Xabier Erro eta Felipe Uriarte, eta haiekin elkartu ziren. Denen artean errazagoa izan zen jaitsiera, nahiz eta nekeza izan. Izan ere, Zabaletak beti esan izan du. “Tontorrera ni iritsi nintzen, baina Everest ez nuen nik bakarrik igo”. Hunkigarria izan zen Euskal Herrirako buelta; jende mordoa bildu zen Sondikako aireportuan harrera egitera, euskaldun askok beraiena balitz bezala sentitu baitzuten igoera hura.>

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak