Espainiako Karlos III.a Unibertsitateak diseinatutako seroprebalentzia ikerketaren lehendabiziko datuak eman ditu gaur arratsaldean Espainiako Gobernuak, eta, horien arabera, Hego Euskal Herriko biztanleen %4,4k igaro izanen lukete koronabirusa. Hego Euskal Herrian 7.350 laguneko laginari eginen diote proba guztira: 1.200 laguni Araban, 1.620ri Gipuzkoan, 2.040ri Bizkaian eta 2.160ri Nafarroan. Ikerketaren emaitzak biztanle kopuru osora estrapolatuta eman dituzte.
Koronabirusari aurre egiteko garatutako antigorputzak neurtzen ditu serologiako probak, eta Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua ari dira horiek aurrera eramaten Hego Euskal Herrian. Guztira 127.000 lagunek eman izanen lukete koronabirusean positibo Hego Euskal Herrian ikerketa horren arabera, alegia, erregistro ofizialetan ageri den datua baino bost aldiz gehiago.
Lurraldeka, Arabak dauka seroprebalentzia ehuneko handiena: lurraldeko herritarren %7,2k ditu koronabirusari aurre egiteko antigorputzak: 23.800 lagunek. Nafarroan %5,8k (38.000 lagun), Bizkaian %3,8k (44.900 lagun) eta Gipuzkoan %2,8k (20.200 lagun).
Salvador Illa Espainiako Osasun ministroak nabarmendu du datuetatik ondorioztatu daitekeela ez dagoela «talde immunitaterik», horretarako biztanleen %60koa beharko lukeelako izan kutsatuen kopuruak. Adierazi du datuak baieztatu egiten duela euren hipotesia, eta horren arabera prestatu dituztela konfinamendua arintzeko neurriak.