Gipuzkoako Foru Aldundiak errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina sustatu du, hiru urteko epean 100.000 lagunek hala egiteko helburuarekin. LAB sindikatuak salatu duenez, ordea, proposamena «gaztelania hutsez» banatu die errenta aitorpena lehen aldiz egin behar duten herritarrei, hizkuntza eskubideak urratuz. Sindikatuak «lotsagarritzat» jo du erabakia.
Aldundiaren arabera, 2016ko datuei erreparatuz gero, Gipuzkoan 16 urtetik gorako biztanleen erdiak baino gehiago, %50,6, euskaldunak dira ─306.000 lagun inguru─, eta horietatik 78.000k aukeratu dute euskara «Ogasunarekin duten harremanetarako hizkuntza moduan». Jabier Larrañaga Ogasun eta Finantza diputatuaren esanetan, errenta kanpainak aukera ematen du «herritarren kontzientziak astintzeko», baita euskara sustatzeko orduan.
LABen esanetan, baina, «marketin kanpaina bat» da aldundiarena. «Herritarrei eginiko hamaikagarren adar jotzea da», azaldu dute. Izan ere, Ogasuna herritarrei euskaraz erantzuteko gai dela esan ostean, ulertezintzat jo dute errenta aitorpena egiteko proposamena gazteleraz helaraztea: «Dei egin die herritarrei pausoa eman eta euskararen aldeko hautua egiteko, baina berak gaztelania hutsez egin du».
Horregatik, LABek aldarrikatu du herritar orok eskubidea duela administrazioarekiko harremanak euskaraz izateko, eta Gipuzkoako Aldundiari gogorarazi dio «bere jarduera zaindu» beharra daukala, horretarako beharrezko neurriak hartuta, «hizkuntza dela-eta inor diskriminatu ez dadin». Aldundiaren ekinbideak hizkuntza eskubideak urratu dituela iritzita, sindikatuak aldundiaren aurkako salaketa bat jarri du Hizkuntza Eskubideen Behatokian, eta beste bat Eskabiden: «Etorkizunean Gipuzkoako Aldundiak, euskararen aldeko diskurtsoa eta marketina ez ezik, praktika eta politika egokiak gara ditzan».