Sindikatuek salatu dute ez dagoela baldintzarik maiatzaren 18tik aurrera ikasgeletara itzultzeko

Nabarmendu dute «are eta arduragabekeria handiagoa» dela ikastetxe bakoitzaren ardurapean uztea aurrez aurreko eskoletara itzultzeko erabakia. Ohar bateratua kaleratu dute ELAk, LABek, Steilasek, CCOOk eta UGTk, eta biharko mobilizatzera deitu dute.

Gasteizko ikastetxe bat, artxiboko irudi batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2020ko maiatzaren 12a
14:42
Entzun

«Hezkuntza eragileok ondorio komun bat atera dugu: gaur-gaurkoz ez dagoela baldintzarik langile zein ikasleen osasuna bermatuz maiatzaren 18tik aurrera itzulera abian jartzeko». Hori adierazi dute ELAk, LABek, Steilasek, CCOOk eta UGTk kaleratu duten ohar bateratuan. Gainera, mobilizaziora deitu dute biharko, 11:00etan, Bilboko Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean, Hezkuntza komunitatearen osasuna bermatu, neurriak negoziatu lelopean.

Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak joan den ostegunean iragarri zuen Batxilergoko, DBH4ko eta Lanbide Heziketako ikasleak ikasgeletara itzultzen hasiko direla, eta sindikatuek hurrengo egunean ohartarazi zuten ez zirela eskolara itzuliko baldintzak negoziatu ezean.

Gaur, ordea, ziurtatu dute ikastetxe bakoitzak «autonomia» izango duela erabakia hartzeko. «Egoera honetan, erabateko arduragabekeria litzateke maiatzaren 18an planteatutako itzulera abian jartzea», ziurtatu dute sindikatuek. Izan ere, haien hitzetan, «arrisku larrian» jarriko litzateke langileen eta ikasleen osasuna, eta, ondorioz, gizarte osoarena. Sindikatuek azaldu dutenez, komunikabideen bidez izan dute horren berri, eta «arduragabekeria handitzat» dute erabakia. Bi arrazoi eman dituzte: batetik, osasuna «bermatu gabe» dagoen honetan, Hezkuntza Sailak ikastetxeen, familien eta ikasleen bizkar gainean utzi duela «ardura guztia», «bere ardurari larriki kale eginez». «Hezkuntza Sailari dagokio plan egoki batean jaso eta aurreikustea osasuna bermatzeko irizpide zehatzak, protokoloak, neurriak eta horiek aurrera eramateko baliabideak, gero ikastetxe bakoitzak aurrera eraman ahal izan ditzan, bere autonomiaren barruan». Bestetik, erabakia ikastetxe bakoitzaren esku utzita, «arrisku argia» ikusten dute ikastetxeetako ikasleen arteko arrakalak sortzeko edo areagotzeko.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.