Hego Euskal Herria

Zer egin daiteke astelehenetik aurrera?

Astelehenean, Hego Euskal Herriko biztanleak lehen fasera igaroko dira, eta hainbat jarduera egin ahal izango dituzte. BOEk zehaztu du jarduera oro. Besteak beste, baimenduta egongo da hurbilekoak ikustea, hitzordurik gabe erosketak egitea, terraza batean esertzea edo museoetara joatea. Jaurlaritzak mugatu egingo du pertsonen zirkulazioa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta salbuespen kasuetan bakarrik atera ahalko dira udalerritik.

Auto kontzesionario bat Bilbon, aste honetan, itxita. LUIS JAUREGIALTZO, FOKU
edurne begiristain
2020ko maiatzaren 9a
11:13
Entzun

Udalerritik atera ahal izango da?
Nafarroan, bai, hainbat baldintza beteta, baina ez Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, Eusko Jaurlaritzak hala erabaki duelako, "zuhurtziagatik". Hiru herrialde horietan, lanera edo eskolara joateko, jarduera sozioekonomikoetarako edo kirola egiteko atera ahal izango da. Azken kasuan, alboko herrietara bakarrik, eta norberaren udalerritik hasita. Nafarroan atera ahal izango da udalerritik, baina ezin izango da norbera bizi den herrialde barruko bigarren egoitza batera joan –bigarren fasetik aurrera baimenduko da hori–.

Ordutegiak aldatuko dira?
Paseoak emateko, kirola egiteko eta umeekin kalera ateratzeko ordutegiak mantenduko dira astelehenetik aurrera, baina ordutegiak bi ordu aurreratu edo atzeratu ahal izango dira, betiere jarduera bakoitzerako iraupena luzatzen ez bada. Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren esku geratuko da erabaki hori. 5.000 biztanletik beherako udalerriek ez dute mugarik izango ordutegietan, orain arte bezala.

Hurbilekoekin elkartu ahal izango da?
Bai, baina hainbat mugarekin. Gehienez hamar laguneko bilerak baimenduko dira –adineko jendearekin eta arrisku taldeetan daudenekin izan ezik–, etxean, kalean edo terraza batean. Bi metroko segurtasun tartea zaindu beharko dute, eta higiene arauak errespetatu beharko dituzte.

Tabernak eta jatetxeak irekiko dituzte?
Terrazak bakarrik, eta edukieraren %50era mugatuta. Hala ere, udalen esku geratuko da aurreko edukiera zabaltzea posible den kasuetan. Terrazetan, gehienez hamar pertsona egon ahal izango dira elkarrekin, betiere elkarren arteko bi metroko distantzia errespetatuz. Zerbitzu bakoitzaren ondoren, mahaia desinfektatu beharko da. Txartelarekin ordaintzea lehenetsiko da.

Saltokiak irekiko dituzte?
400 metro koadro baino gutxiagoko saltokiak ireki ahal izango dira, 0 fasean bezala, baina dagoeneko ez da beharrezkoa izango aldez aurretik ordua hartzea, ezta banakako arreta ematea ere. Hala ere, saltokiek gehienez ere bezeroen %30 hartu ahal izango dituzte, eta bezero bat langile bakoitzeko. Gutxienez bi metroko segurtasun tartea gorde beharko da, eta 65 urtetik gorakoei lehentasunezko arreta emateko ordutegia ezarriko da. Komunek itxita egon beharko dute, eta jantziak eta probalekuak desinfektatu egin beharko dira erabiltzen diren bakoitzean. 400 metro koadro baino gehiagoko merkataritza guneak edo dendak ezin izango dira ireki.

Kaleko merkatuak irekiko dituzte?
Bai, aire zabaleko merkatuak eta azokak berriro zabalduko dira, baina ohiko postuen %25 bakarrik. Gehienezko bezeroen kopurua edukieraren herena izango da.  

Liburutegiak eta museoak irekiko dira?
Nafarroan, museoak eta liburutegiak ireki ahal izango dira. Museoen bisitak %30era mugatuko dira. Liburutegiak irekiko dituzte, baina edukiera mugatuarekin eta soilik liburuak mailegatzeko eta irakurtzeko. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, ordea, ezin izango dira ireki ez museoak, ez liburutegiak, Jaurlaritzak hala erabakita.

Kultur ekitaldiak egingo dira?
Nafarroan, bai, baina mugekin. Aire zabalean egiten diren ekitaldietan eta kultur ikuskizunetan 200 pertsona egon ahal izango dira gehienez, eta leku itxietan, 30 pertsona baino gutxiago, eta edukieraren %30ean. Publikoak eserita egon beharko da kasu bietan, eta segurtasun distantzia gordeta. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, ordea, ezin izango da kultur ekitaldi txikirik egin. Eusko Jaurlaritzak Madrilen agindua mugatzeko hartutako erabakiaren ondotik, ez da «inolako kultur jarduerarik» egingo.

Kirol instalazioak berriro irekiko dira?
Nafarroan, bai, baina Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, ez. Nafarroan, ireki egingo dira bakarrik kontaktu fisikorik ez duten kirolak egiteko. Kirol zentroak ireki ahal izango dira banakako kirol jarduerak egiteko bakarrik, eta ordua eskatuta. Aldagelak itxita egongo dira. Aire zabaleko instalazioak ere irekiko dituzte, baina publikorik gabe.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, kirol instalazioak itxita egongo dira lehen fase honetan, gune komunetako pilaketak eragozteko. Halere, gimnasio pribatuek irekitzeko aukera izango dute. Aurrez eskatu beharko da horietara joateko txanda. Eliteko kirolaz gain, kalean egiten den ariketa fisikoa baino ez du baimenduko Jaurlaritzak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Hotelak irekiko dituzte?
Bai. Nafarroako biztanleak probintzia barruko edozein hoteletara joan ahalko dira. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrak, ordea, soilik udalerri barruan dauden hoteletara joan ahalko dira, joan-etorriak udalerriko barruak izango direnez gero.

Hoteletako eta turismo ostatuetako eremu komunak itxita egongo dira; besteak beste, jantokiak.

Kotxean pertsona bat baino gehiago joan daitezke?
Etxe berean bizi direnak elkarrekin joan daitezke bederatzi eserlekura arteko auto batean. Elkarrekin bizi ez badira, ilara bakoitzeko bi plaza bakarrik erabili ahalko dira, distantziak zainduz, eta maskarak erabilita. Ezin izango da kotxearekin probintziatik irten.

Ehorzketa eta beilatoki zerbitzua egongo da?
Bai, baina mugekin. Aire zabalean bada, 15 lagun joan ahalko dira gehienez, adibidez, hilobiratzeko segiziora edo hildakoa erraustera. Beilatokian, berriz, hamar pertsona baino ez dira egongo.

Kontzesionarioak eta ibilgailuen azterketa teknikoak?
Ibilgailuak saltzen dituzten kontzesionarioak irekita egongo dira astelehenetik aurrera, baina aldez aurretik ordua hartu beharko da. 400 metro koadrotik gorako kontzesionarioak ere zabaldu ahal izango dira. Bestetik, IAT ibilgailuen azterketa teknikoa egiteko guneak ere irekiko dituzte, eta beharrezkoa izango da aldez aurretik ordua eskatzea.

Loteria erosi ahal izango da?
Bai. Loteria administrazioak irekita egongo dira astelehenetik aurrera, merkataritza guneetan daudenak izan ezik.

Gurtzarako guneak irekiko dira?
Bai, edukieraren heren batera mugatuta. Segurtasun eta higiene neurriak bete beharko dira. Besteak beste, ezingo dira eskuorriak edo antzekoak banatu, eta ezin izango da abesbatzarik egon.
Komunitate musulmanak erabaki du meskitak ez irekitzea, segurtasuna bermatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.