Hego Euskal Herriko lau lurraldeak lehen fasera igaroko dira astelehenean

Orain arteko ordutegi berak mantenduko dira 5.000 biztanletik gorako herrietan. Joan-etorriak probintzia barnekoak izango dira; beraz, norbere herritik ateratzen ahalko da, baina probintzia barrenean.

Astelehenetik aitzinera hamar pertsonatik beherako bilkurak onartuko dira Hegoaldean. ANDONI CANELLADA, FOKU
Ainhoa Larretxea Agirre - Edu Lartzanguren
2020ko maiatzaren 8a
13:35
Entzun

Hegoalde guztia igaroko da astelehenean lehengo fasera. Erkidegoetako ordezkariekin mintzatu ondoren atera da prentsa aitzinera Salvador Illa Espainiako Osasun ministroa, Fernando Simon Espainiako Osasun Larrialdien Koordinazio Zentroko zuzendariarekin batera. Ordurako Ser irrati kateak filtratua zuen Nafarroa hurrengo fasera igaroko dela. 

Illak herritarrei eskerrak emanez hasi du agerraldia, eta nabarmendu du herritarren jarrera onari esker lortu dela pandemiaren puntu gorena gainditzea. Hala, nabarmendu du autonomia erkidegoek proposaturiko proposamenen %83 hartu dituztela kontuan fase berri hau prestatzeko, eta erkidegoekin elkarlanean hartu direla erabakiak. Fase berriak bi oinarri izango dituela nabarmendu du: erkidegoen eta Espainiako Gobernuaren arteko elkarlana eta zuhurtzia. Zuhurtzia inoiz baino garrantzitsuagoa dela azpimarratu du Illak behin eta berriz. Astelehenetik aitzinera, erkidegoek eskumena izango dute haurrak ateratzeko ordutegia egokitzeko beren egoera klimatologikoaren arabera. 

Illak nabarmendu du hamalau eguneko tartea izango dela lehenengo fasetik bigarrenera, hartutako neurriak «eraginkorrak» diren edo ez jakiteko. Hala ere, ohartarazi du fase bat gibelera egiten ahal dela egoera okertuz gero, eta azpimarratu du ezinbertzekoa dela zuhurtzia. Behin eta berriz gogorarazi du nahitaezkoa dela bi metroko segurtasun tartea eta garbitasuna zaintzea. Lehenengo fasean, joan-etorriak probintzia barnekoak izango dira; beraz, norbere herritik ateratzen ahalko da betiere probintzia barrenean bada.

Goizean, Simonek aurreratua du  konfinamendua arintzeko lehen fasean lehengo berak izango dira kalera ateratzeko ordutegiak. Halere, gaineratu du «aldaketa txiki batzuk» egongo direla, «talderik zaurgarrienak» babeste aldera. «Herritarrek ulertu behar dute pasatutakoak pasatu ondoren ezin dugula onartu bakan batzuek zapuztea», esan du Simonek. Ohartarazi duenez, neurriak arintzea erabakitzeko orduan osasun publikoaren irizpideek izango dute pisurik handiena. «Bateragarria da ateratzea eta bizi baldintzak hobetzea eta segurtasun neurriei eustea».

Gaur egungo egoera

Izurriaren eboluzioa lurraldez lurralde ezberdina dela onartu du Simonek: «Bi autonomia erkidegok [Madrilek eta Kataluniak] dituzte kasu gehienak. Gainerakoetan %0,38 handitu da kutsatzea, hau da, %25 egin du behera».

Datuak ez dira onak izan, ordea. Madrilen, nabarmen egin du gora kutsatu kopuruak, atzo baino 300 gehiago, eta hark 0 fasean jarraituko duela iragarri du Espainiako Gobernuak. Eztabaida handia eragin du fasea pasatzeko aukerak Madrilgo erkidegoan. PPren eskuetan dago Madril, eta hango agintariek presio handia egin dute lehen fasera igarotzeko zerrendan egoteko, nahiz eta izurriaren zenbakiak oraindik ere txarrak diren han. Erkidegoko Osasun Publikoaren zuzendariak ez du sinatu nahi izan hurengo fasera aldatzeko eskatzeko agiria, eta dimisioa eman du. Salatu du eskaera ez dela egin osasun irizpideen arabera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.