Osasun larrialdia uztailaren 10 arte luzatzea onartu du Frantziako Senatuak

Aldaketak ekarri dizkiote Frantziako Gobernuaren lege proiektuari. Bihar hasiko dira lege proiektua aztertzen Frantziako Asanblean; astea bukatu aitzin bozkatzea espero da.

Parisko Ekialdeko Geltokian jendeak non itxaron behar duen adierazteko zoruan egin dituzten marrazkiak. IAN LANGSDON, EFE
Ekhi Erremundegi Beloki.
2020ko maiatzaren 6a
15:59
Entzun

Bart gauean onartu zuen Frantziako Senatuak osasun larrialdia luzatzeko Frantziako Gobernuaren lege proiektua, eskuineko gehiengoaren bozekin. Lehen bozkaldian ezezkoa gailendu ondotik, aldaketa nagusi batzuk gehituta onartu zuten azkenean. Hala, uztailaren 10 arteko luzapena onartu dute —uztailaren 24a arte luzatu nahi zuen Frantziako Gobernuak—, eta konfinamendutik ateratzeari begira «bermeak» onartu dituzte, COVID-19ak kutsatutako gaixoen jarraipenari eta erantzukizun penalari dagokienez. Frantziako Asanbleak izanen du azken erabakia; bihar hasiko dute lege proiektuaren azterketa, eta astea bukatu aitzin bozkatu behar lukete.

COVID-19ak kutsatutako gaixoen jarraipenari dagokionez, «informazio sistema» bat sortzea onartu du, baina bi baldintza ezarri ditu: sekretu medikoaren indargabetzea osasun larrialdiaren epera mugatua izatea, eta birusari lotutako datuak baizik ematea. Gai horri buruz Frantziako Gobernuak erabakiak dekretuz hartzeko aukera ukatu du.

Horrez gain, Frantziako Senatuak erabakiak hartu ditu konfinamendutik ateratzeko neurriak hartu beharko dituzten enplegatzaileentzat, bai eta tokiko hautetsi eta funtzionarioen erantzukizun penala arintzeko ere.

Bihartik aitzina, Frantziako Asanbleara pasatuko da testua, eta astea bukatu aitzin bozkatzea espero da, maiatzaren 11tik aitzina konfinamendutik ateratzeko koadro juridikoa onartua izateko gisan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.