Erkoreka: «Jon Sanchezek ez zion inori eman gertatutakoaren berri etxe barruan»

Jaurlaritzaren eledunak nabarmendu du Osakidetzako larrialdietarako buruak adierazi duela «bere arrazoiak» eduki zituela konfinamendua hausteko, eta goraipatu egin du dimisioa berehala eman izanaren «zorroztasuna». Esan du hauteskundeak egin daitezkeela larrialdi egoeran ere.

Josu Erkoreka, Eusko Jaurlaritzaren eleduna. RAUL BOGAJO / FOKU
Edu Lartzanguren.
2020ko maiatzaren 6a
10:48
Entzun

Jon Sanchez, Osakidetzako osasun larrialdietako buruaren dimisioaz mintzatu da Josu Erkoreka Jaurlaritzaren eleduna, Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan. Bozeramaileak nabarmendu du Sanchezek bere burua defendatu duela, baina gaineratu du hark ez ziela eman gertatutakoaren berri Osasun saileko buruei.

Erkorekak nabarmendu du Sanchezek oraindik ez duela jaso salaketaren jakinarazpenik, eta bere burua defendatu duela: «Esan du bazituela konfinamendua hausteko arrazoiak», adierazi du eledunak. Auzia hedabideek zabaldu izan ez balute arduradunak kargua utziko ote zuen galdetuta, eledunak Jaurlaritzaren jokabidea defendatu du: «Salaketa izan daiteke zuzena ala ez. Berak [Sanchezek] erabaki du eredugarritasuna ez duela betetzen informazio hori hedabideetan dagoen bitartean, eta dimititu egin du 48 orduko epean. Hori baino zorrotzagoa ezin da izan».

Erresuma Batuan ere gertatu da antzeko kasu bat azken orduetan. Neil Ferguson zientzialaria Londresko gobernuaren aholkulari gisa aritu da izurriaren inguruko larrialdi taldean. Hark aholkatuta ezarri zuen Boris Johnson lehen ministroak konfinamendua, denbora luzez horren kontra egon ondoren. Elkarrekin bizi ez diren bikotekideak elkartzea debekatzen du Fergusonek proposaturiko konfinamenduak. Bada, egunkari batek zabaldu berri du zientzialariak berak etxean jaso zuela bere maitalearen bisita. Hura ezkonduta dago, eta ez da Fergusonekin bizi.

Zientzialariak onartu du «huts» bat egin duela, eta damu dela urrunketa fisikoaren inguruko mezuak «zapuztu» dituelako.

Hauteskundeak egin daitezke

Espainiako Gobernuarekin gobernantza ereduaz eta larrialdi egoera luzatzeko behar duen sostenguaz ere mintzatu da Erkoreka. Eledunak «berri zoragarri» gisa deskribatu du Pedro Sanchezek gobernantza partekatua onartu izana. «Printzipioz, notizia ona da; ikusiko dugu gero nola gauzatuko den».

Mugikortasuna probintziara barik autonomia erkidegora mugatzea nahi du Jaurlaritzak, eledunak esan duenez. «Malgutasun neurriak onartu beharko dituzte». Gaineratu du larrialdi egoerak ez duela oztopatzen hauteskundeak egitea. Uztailean egitekotan, orain hitz egin behar dela ohartarazi du.

Edonola ere, Madrilen dabiltzan haize zentralistak salatu ditu. «Zentralismoak sekulako zaletasuna irabazi du Espainiako politikan. Mugimendua egon badago, eta alderdi politikoak horretan ari dira». PP autonomiaren defendatzaile gisa agertzea nabarmendu du Erkoreak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.