Laguntzak

Etxeko langileek eta aldi baterakoek bihartik aurrera eska dezakete langabezia saria

Berez langabezia saria jasotzeko eskubiderik ez duten beharginentzat subsidio bereziak izango dira COVID-19arengatik. BOEk gaur argitaratu ditu baldintzak; eskakizunak bihartik aurrera egin ahalko dira, eta dirua hurrengo hilabetean jasoko da. Aldi baterako langileentzat ordain bakarra izango da, 430 euro. 

Lanbideren bulego bat Bilbon, itxita COVID-19arengatik. LUIS TEJIDO  / EFE
Irune Lasa.
2020ko maiatzaren 4a
13:43
Entzun

Martxoaren 31n onartu zituen Espainiako gobernuak, eta apirilaren 2an jarri ziren indarrean; koronabirusa zela eta, aparteko subsidioak izango ziren lanik gabe geratutako etxeko langileentzat eta laguntzarako eskubiderik gabeko aldi baterako langileentzat. Baina beharginek orain arte ezin izan dute sari berezi hori eskatu, ez zegoelako ezarrita haiek eskatzeko prozedurarik. 

BOE Estatuko Aldizkari Ofizialeko bi ebazpenek zabaldu dute orain bidea, subsidioak jasotzeko baldintzak ezarrita, eta beharginek bihartik aurrera egin ahalko dute eskaera. Subsidioa eskatzeko hilabete itxaron ostean, eskaria onartzen bazaie, beharginok beste hilabete bat itxaron beharko dute dirua jasotzeko, zehazki, eskaria onartu eta hurrengo hilaren 10era arte. 

Etxeko langileak 

Alarma egoeraren aurretik etxeko langileen erregimen berezian izena emanda zeuden etxeko langileek subsidioa eska dezakete kasu hauetan: murriztu egin baldin bazaie lanaldia, edo zerbitzua eskaintzen zuen etxeetakoren batean edo guztietan lan egiteari utzi behar izan badio. Eskaera egiteko, etxeko langileak lanaldia murriztu dioten edo kaleratu duten enplegatzaile guztien ardura adierazpenak aurkeztu behar ditu, zeintzuetan zenbat ordaintzen dioten agertu behar duen, 

Kaleratzeagatik edo lanaldi murrizketagatik jasotzeari utzi dion oinarri kotizagarriaren %70aren adinakoa izango da subsidioa, betiere aurreko hilabetea hartuz aintzat. Kasu batean zein bestean, subsidioaren diru muga lanbidearteko gutxieneko soldataren 950 euroak izango dira. Etxeko langileentzako subsidioa ez da bateragarria izango aldi baterako ezintasunarekin. Ezingo da eskatu langileak ordaindutako baimen berreskuragarria izan badu, edo eskaera egin osteko lanetatik lortutako diru sarrerek, subsidioarekin batera, gutxieneko soldataren zenbatekoa gainditzen badute.

Ebazpenaren arabera, laguntza hilero jasoko da, hilaren 10ean, baina enplegu zerbitzuak hiru hilabete ditu eskaera onartu ala ez erabakitzeko. Eskaera onartu eta hilaren 10ean ordainduko dira, halaber, lanaldia murriztu edo lana galdu geroztiko atzerapenak.

Ordain bakarra aldi baterako langileentzat

Langabezia saria jasotzeko nahikoa kotizatu ez eta alarma egoeran kontratua amaitu zaien aldi baterako langileentzat, oraingoz, subsidio berezia hilabete bakarrekoa izango da; hots, ordain bakarra izango dute, 430 euro, gobernuak ez badu laguntza denboran luzatzea erabakitzen. Eskaera egiteko, langileak gaur BOEn argitaratutako ebazpenean dagoen eredua aurkeztu beharko du. 

Laguntza jasotzeko, aldi baterako langileak gutxienez bi hilabete egin behar izan ditu lan kontratua amaitu aurretik. Iraupen jakineko kontratuak hartzen dira aintzakotzat, bitartekoak, formakuntzakoak eta errelebokoak. Laguntza ez da izango bateragarria administrazio publikoek emandako beste gutxieneko errenta batzuekin edo antzekoekin.  

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.