Zer aldatuko da gaurtik aurrera?

Hego Euskal Herriak 0 fasea hasi du astelehen goizean. Denda eta negozio txikiek lanean hasteko aukera dute, eta ostatuak etxera eramateko janaria prestatzen hasi ahalko dira. Etxeko obrei ere berrekin ahalko zaie. Kirolari profesionalak banaka itzuliko dira entrenamenduetara. Maskarak derrigorrezkoak izango dira garraio publikoan. Espainiako Gobernuak igande arratsaldean eman ditu xehetasunak.

Arropa denda bat, Donostian. JON URBE / FOKU
2020ko maiatzaren 3a
23:24
Entzun

Liburu dendak, burdindegiak, tailerrak, ile apaindegiak, konponketak egiteko dendak... Ia bi hilabetez itxirik egon dira. Segurtasun eta higiene neurri zorrotzak agindu ditu Espainiako Gobernuak, gaurtik aurrera lanean hasi nahi badute.

Zenbait dekretu argitaratu ditu Espainiako Aldizkari Ofizialean, eta horietan zehaztu du berriro lanean hasi nahi duten negozioek nola egin behar duten eta zer araubideri jarraitu behar dieten.

Hau da gaurtik aurrera aldatuko dena:

 

Dendetan

Denda eta negozio txikiek irekitzeko aukera izango dute maiatzaren 4tik aurrera. 400 metro koadro edo gutxiago dutenak hasi ahal izango dira lanean. Saltoki handietan dauden dendak ezingo dira ireki, ez baldin badute sarrera bat kanpoko aldetik, behintzat. 400 metro koadrotik gorako azalera dutenak ezingo dira lanean hasi oraingoz.

Txanda hartu beharko da denda horietara joateko. Eta aldi bakoitzean bezero bakarra artatu beharko dute. Ezingo dira itxaroteko eremuak antolatu dendaren barruan, eta kanpoan jendea pilatzea eragozteko moduan antolatzeko eskatu du gobernuak.

Printzipioz, bezero bakoitzeko saltzaile bakarra egotea da irizpide orokorra. Saltzaile berak ezingo ditu aldi berean bi bezero artatu. Eta bezeroak "beharrezkoa den denbora" soilik pasatu beharko du bertan. Erosgaiak jasotzeko mekanismoak jartzea gomendatu die gobernuak dendariei.

65 urtez gorako bezeroei kasu egiteko ordutegi bat jartzea aholkatu du Madrilek, eta, ahal bada, paseatzeko edo kirola egiteko ordutegien barruan.

Konfinamendu garaian lanean aritu diren janari dendek-eta orain arte bezala jarraitu ahalko dute lanean.

Erosleek herri barruan soilik egin ahalko dituzte erosketak, baina salbuespen bat utzi du gobernuak: bezeroak erosi behar duen hori eskaintzen duen dendarik ez badago bere herrian, orduan bai joan ahal izango da beste herri bateko denda batera.

Denden jabeei baldintza ugari jarri dizkie dekretuak. Egunean bitan garbitu eta desinfektatu beharko dute lokala: ixterakoan garbiketa bat egin beharko dute derrigor, eta, bestea, egoki ikusten dutenean; denbora tarte batez denda ixteko aukera izango dute horretarako. Garbiketa egin ostean, babeserako erabilitako gailuak zakarretara bota beharko dituzte.

Langileek txanda aldaketak egiten badituzte, orduan ere egin beharko da garbiketa. Eta, langile bat baino gehiago dauden negozioetan, haientzako lekuetan ere desinfekzioak egin beharko dituzte. Laneko arropak egunero garbitu beharko dituzte, gainera. Aireztatze sistema egokiak jartzeko ere eskatu diete.

Dendetako komunak ezingo dira erabili, oso premiazko egoeraren batean ez bada. Eta, erabili behar badira, berehala garbitu beharko dituzte.

Jantzien probalekuekin, beste horrenbeste: bezeroek banaka sartu beharko dute, eta saltzaileek desinfektatu egin beharko dituzte bezeroak erabili ondoren. Bezero batek probatu baina erosi gabe utzitako arropak ere nolabait garbitu beharko dituzte dendariek.

Langileei babes neurriak eman beharko dizkiete jabeek: maskarak (derrigorrezkoak izango dira bi metroko tartea gorde ezin den lekuetan; besteetan, hautazkoa), eskuak garbitzeko gel hidroalkoholikoa...

Negozio horientzat lan egiten duten beste enpresetako langileek ere (hornitzaileek, adibidez) zaindu beharko dituzte segurtasun neurriak, eta beharko dituzte babes tresnak.

Denda barruan distantzia gordetzeko, seinaleak, markak eta abarrekoak jarri beharko dituzte jabeek, eta, segurtasun tarteak gorde ezin diren lekuetan, egokitzapenak egin beharko dituzte. Pantailak eta halakoak ere jarri beharko dituzte, beharrezkoa denean.

Babes neurriekin lanean ari direnek gutxienez metro bateko tartea gorde beharko dutela aipatzen du dekretuak; babes neurriekin lanean ari direnek, bi metrokoa.

Bezeroentzat, sarreran eskuak garbitzeko gela jarri beharko dute, eta mukizapiak-eta botatzeko zakarrontziak ere bai, ahal bada tapa dutenak, eta eskurik erabili gabe irekitzen direnak.

Gaixo dauden langileak eta berrogeialdian daudenak ezingo dira lanera joan.

Autozerbitzuak dauden tokietan, bezeroek ezingo dute zuzenean erosgaia hartu; negozioaren jabeak jarri beharko du langile bat. Eta probatzeko produktuak eta halakoak debekatu egin ditu dekretuak.

 

Jantokietan

Janaria prestatzen duten lokalak eta jatetxeak edo ostatuak ere lanean hasi ahalko dira maiatzaren 4an, baina muga batekin: ezingo da otordurik egin lokal horietan. Jakiak etxera bidali beharko dituzte, edo bezeroak lokalera joan ahalko dira jakiak jasotzera.

Dekretuak aipatzen du negozio horiek jarri ahalko dituztela 65 urtez gorako pertsonentzako edo behar bereziak dituztenentzako ordutegi zehatzak ere.

Aholkatu dute eskaria telefonoz edo Internet bidez egitea, eta jantokiak bezeroari ordu jakin bat ematea, bila joan behar badu. Eragotzi nahi dute jatetxeen kanpoan jendea pilatzea.

Eskariak jasotzeko orduetan soilik egon daitezke irekita jendearentzat; gainerako orduetan, ateak itxita jardun beharko dute.

Jakiak jasotzera lokalera joango diren bezeroak banaka artatzea gomendatu dute, lokalak ez badu segurtasunik bermatzen aldi berean bezero bat baino gehiago egoteko barruan. Lokalaren barruan beharrezko denbora soilik pasatzeko eskatu diete bezeroei.

Denden kasuan bezala, distantzia fisikoa eta higienea zaintzea funtsezkoa izango da. Seinaleak eta markak jarri beharko dituzte jabeek, eta babeserako materiala eta gaiak eman beharko dizkiete langileei. Bezeroentzat, sarreran eskuak garbitzeko gelak jarri beharko dituzte.

Bestela, garbiketa eta higiene neurriak zorrozteko arauak ere ezarri dizkie, dendei bezala.

Gaixorik dauden langileak edo berrogeialdian daudenak ezingo dira lanera joan.

 

Obra eta konponketa lanetan

Igeltseroak, iturginak, argiketariak, arotzak eta antzeko gremioak ere lanera itzuli ahal izango dira maiatzaren 4tik aurrera, obrak edo lanak egin behar dituzten tokietan bizilagunekin gurutzatzea eragotziz.

Obrarekin edo lanekin zerikusirik ez duten pertsonekin "interferentziarik" ez egotea bermatu beharko dute lanera itzultzeko.

Etxe, lokal edo eraikin hutsetan lanean hasi ahal izango dira, eta besteetan hauek ziurtatu beharko dituzte: bizilagunekin harremanik ez izatea lanaldian; langileak mugitzean eta materialak garraiatzerakoan, eremu komunetan ahalik eta gutxien ibiltzea; eta sarrera-irteerak lanaldiaren hasieran eta bukaeran egitea.

Garbitasun eta segurtasun neurriak hartu beharko dituzte langileek, jarduera horietan aritzeko.

Eraikineko zerbitzu sareekin (argia, ura, telekomunikazioak...) obrarako beharrezkoak diren lanak egiteko, eremu komunetan ibili ahal izango dira.

 

Kirol profesionalean

Kirola modu profesionalean egiten dutenak aire zabalean entrenatzen hasi ahalko dira maiatzaren 4an. Oraingoz, probintzia barruko mugetan ibili beharko dute.

Naturaguneetara joateko aukera izango dute, baina, beren jarduera fisikoak hala eskatzen badu, itsasoan, erreketan eta abarretan ere ibili ahalko dira, eta beharrezkoa duten material eta ekipamendu guztia erabili ahalko dute.

Kirol egokituan aritzen direnak laguntzaile batekin irten ahal izango dira, baina biek maskarak erabili beharko dituzte, eta segurtasun tartea gordetzen saiatu beharko dute.

Entrenatzaileak ikusi ahal izango ditu kirolarien saioak, baina distantzia gordeta.

Oro har, bi metroko tartea uzteko aholkatu dute, baina bizikletan, patinetan eta antzekoetan ibiltzen direnen kasuan hamar metroko tartea uzteko eskatu dute. Kirol egokituan dabiltzanak salbuetsita daude.

Federazioek eman beharko dizkiete akreditazioak kirola egin ahal izateko.

Profesionalak izan gabe federatuta dauden beste kirolariek horretarako asteburuan jarritako baldintzetan egin ahalko dute kirola: 06:00etatik 10:00etara edo 20:00etatik 23:00etara, eta udalerriko mugen barruan.

Klub profesional bateko kide diren kirolariak hasi ahalko dira talde horien instalazioetan kirola egiten. Zeini bere ligak emango dio horretarako baimena.

Kirol egokituan izan ezik, beti banaka egin beharko dituzte entrenamenduak.

 

Artxiboetan

Maiatzaren 4tik aurrera artxiboak ere ireki ahal izango dituzte. Ahal den neurrian telematikoki aritzeko agindu die gobernuak, baina presentzialki joatea ere eskatu ahalko dute herritarrek eta ikerlariek.

Artxibo bakoitzak aztertu beharko ditu bere baldintzak eta egin beharko ditu bere egokitzapenak. Lekurik ez dutenak ez dira behartuta egongo jarduera presentzialera.

Ezingo dira bertako baliabide informatikoak erabili; bakoitzak bere ordenagailua eta abarrekoak erabili beharko ditu.

Inork eskura eskatzen badu materialen bat aztertzea, material horrek gutxienez hamar egunez egon beharko du berrogeialdian, beste inork berriro kontsultatzeko.

 

Garraio publikoan

Maiatzaren 4tik aurrera, garraio publikoan derrigorrezkoa izango da maskarak erabiltzea. Boluntarioek eta instituzioek behin erabiltzeko maskarak banatuko dituzte geltoki nagusietan, maiatzaren 4an bertan.

Espainiako Gobernuak lau fase zehaztu ditu konfinamendua arintzeko. Hauek dira urratsak:

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.