Hauek dira orain arte argitu diren datak: maiatzaren 4an denda eta negozio txikiak hasiko dira, bezeroei txanda emanda; tabernetako janaria, eramateko, eta enkarguz; maiatzaren 11n, dendak txikiak, oinarrizko segurtasun neurriekin; saltoki handiak ezingo dira ireki oraindik; tabernetako terrazak, %50ean; hotelak eta lotarako lekuak, eremu komunak itxita. Maiatzaren 25ean, tabernak, barneko edukieraren %30ean, eta barran, ez; aretoak, museoak... %30eko edukierarekin. Aire zabalean, 400 lagun gehienez, eserita. Ekainaren 1ean, saltoki guztiak, %50ean. Ekainaren 8an, tabernak, barruan eta terrazetan, %50ean.
Bederatzi dendatako jabeen iritziak eta ezinegonak bildu ditu BERRIAk, datorrena nola ikusten duten eta zer prestaketa egiten ari diren jakiteko.
Marisa eta Nuria Iturbe. Iturbe altzariak, Urnieta (Gipuzkoa)
«Telematikoki lan gehiago egiteko egokitu dugu enpresa»
«Uste dugu krisi honen eraginez aldaketa egon daitekeela bezeroen ohituretan, eta prestatzen ari gara», azaldu du Marisa Iturbek. Ahizparekin daraman negozioa itxita eduki du azken bi hilabeteetan, eta etorkizunean pentsatzeko nahi beste denbora izan dute. «Orain arte, sukaldea aldatzen zuen bezeroa hiru edo lau aldiz etortzen zen dendara, eta uste dugu hemendik aurrera gehiago kostatuko zaiola pauso hori ematea. Horregatik, erabaki batzuk telematikoki hartu ahal izateko egokitzen ari gara». Hogeita hamar urte dira familiako negozioari heldu ziotela, eta hilaren 11n irekiko dituzte berriz Urnietako Igarategi industrialdean duten dendako ateak. Iturbetarrak, baina, beste data baten zain daude: «Guk sukaldeak eta etxe osoak berritzen ditugu. Denda irekitzea ondo dago, baina, gremioa edo muntatzailea ezin bada etxeetan sartu, ia alferrik gabiltza. Horren zain gaude. Orain, eraikin hutsetan egin daiteke lan, eta guk etxebizitzetan hasi ahal izatea behar dugu».
Zain, edo irrikan, hobeto esanda; izan ere, dioenez, bezeroak izan badituzte. «Hainbat eskaera ditugu abian, eta, oraingoz, inork ez digu deitu esanez atzera egingo duela». Ez da zantzu txarra, baina Iturbek uste du goizegi dela krisiaren eragina zenbatekoa izan daitekeen neurtzeko: «Deirik ez dugu jaso, baina, orain, guri dagokigu dei horiek egiten hastea. Nik ez dut espero enkarguak bertan behera gelditzerik, baina gerta liteke baten batek urtebetez-edo atzeratzea. Orduan jakingo dugu nolako lan karga dugun benetan».
Aintzane Murelaga. Aintzane ile apaindegia, Lekeitio (Bizkaia)
«Urte hau galdutzat eman daiteke; barre egiten badugu, pozik»
Lekeitioko alde zaharrean du negozioa Aintzane Murelagak, eta etzi irekiko du berriz. 48 urte ditu, 13 urte zituenetik ari da ofizioan, eta lanera itzultzeko «oso gogotsu» dago. Egunotan ez du zerbitzurik eskaini, ohiko bezero batzuei tindua etxera eraman baino ez. Berak, baina, badaki itzulera gogorra izango dela, eta «lan gehiago» egin beharko duela: «Nik bi bezero izan ahalko ditut batera, baina inor ez zain barruan, eta horrek ordu kopurua handituko du. Gero ere gehiago garbitu beharko dut. Lehen, egunaren amaieran egiten nuen garbiketa; orain, bezero bakoitzaren ondoren egokituko da».
Baikortasuna transmititzen du Murelagak hitz egitean, baina argi du krisiak «luze» joko duela. «Aurten, esaterako, ez da ezkontzarik egongo, ezta ospakizunik ere, eta nabarituko dugu. Eta hurrengoan, auskalo. Asteroko bezero horrekin eutsiko diogu, finkoarekin. Urte hau galdutzat eman daiteke. Barre eginez gero, pozik». Alde horretatik, gertuko merkataritza aldarrikatu du. «Herrian kontsumitu behar da. Zerbitzu batzuk, agian, Bilbon merkeagoak izan daitezke, baina herrian gastatzen den dirua herrian gelditzen da, eta hori guztion mesederako izaten da». Analisia egitean, bere kasuaz mintzo da, eta lokalaren jabea izateak ematen dion babesaz, baina alokairuan dauden saltokiekin oroitu da. «Zoritxarrez, askok ezingo diote eutsi».
Eñaut Urzelai. Berezao auto denda eta tailerra, Oñati eta Antzuola (Gipuzkoa)
«Autoak bi aldiz desinfektatu beharko ditugu; protokoloak hala zehazten du»
Itxialdiaren legeak modu ezberdinean arautu dituen bi jarduerak bat egiten dute Berezaon: auto salmenta eta tailer mekanikoa. Denda «aukera eduki bezain laster» irekitzeko asmoz daudela azaldu du Eñaut Urzelaik; tailerra, berriz, ez dute itxi. «Gutxieneko zerbitzuetan egon gara, baina. Ezinbesteko lanak bakarrik: osasun langileak, anbulantziak, bateria aldaketak... Jardun normalaren %5 baino gutxiago. Auto mugimendurik ez badago, tailerrean ez dago lan bolumenik. Etxekalte aritu gara, baina zerbitzu hori bermatu egin behar diozu bezeroari eta gizarteari». Oraingoz, aldi baterako enplegu erregulazioan daude, eta lana aktibatuz joan hala egokituko dute lantaldea —20 langileren bueltan ibiltzen badira—. Hori bai, badakite hurrengo hilabeteetan lan egiteko modua aldatu egingo dela. «Bai, hartu beharreko neurriak prest ditugu. Esaterako, autoa desinfektatzen dugu, giltza eta guzti. Bi aldiz, hartzean eta entregatzean. Markek ezartzen duten protokolo bat da. Litekeena da pertsona bat horretara bakarrik jarri behar izatea. Are gehiago, aire girotua barrutik ere desinfektatzeko aukera ematen dugu».
Urzelaik pertsona baikortzat du bere burua, eta, negozioan galerak izango dituztela argi duen arren, berriz ere hasteko gogotsu ikusten du lantaldea. «Guk iaz urte polita izan genuen, baina oraindik ezin da jakin zenbateko eragina izango duen krisi honek autoen salmentan. Gure kasuan, urteetako bidea egin dugu, eta hori berme bat da guretzat, baina argi dago horrelako krisiek mesede gutxi egiten dutela». Benetako ondorioak luzera begira nabarituko direla uste du.
Nagore Lazkano eta Anne Palacios. Txapelarri taberna, Gasteiz
«Laguntzak? Langileen soldaten ordainketa lehenetsi ahal izatea»
Buruhauste eta kalkulu garaia da Lazkanorentzat eta Palaciosentzat, ostalaritzaren irekiera arautzen duen legedia aztertzekoa. «Nola itzuli pentsatu behar dugu, ea noiz merezi duen. Aiztogile kaleko beste tabernekin ere biltzekoak gara, erantzun bateratua ematea posible den ikusteko». Epekako irekiera sistemak zalantza logikoak sortu dizkie, «kolpe bakarrean» izango zela espero baitute, eta bezeroak hartzeko aukera handiagoekin. Txapelarri martxoaren 11n itxi zuten, agindua iritsi baino hiru egun lehenago. «Gizarte erantzukizunagatik; Gasteiz kutsatze foku nagusietako bat zen, gainera, eta arduraz jokatu behar zen». Hala ere, ez dute ezkutatu espero baino luzeago jo duela itxialdiak, eta aste honetan, esaterako, San Prudentzio eguna joan zaiela. «Bezperan lan egiteko egun egun polita izaten da, eta, dirudienez, abuztuan ere ez da jairik izango. Halakoak nabarituko ditugu, ziur. Baina, tira, gauza on bat ere badugu: eguneroko bezero dezente ditugu».
Irekiera dute buruan, eta, kontuak egiten hasi ez diren arren, garbi daukate «zero azpitik» hasiko direla. Lokalaren jabea «ondo portatu» dela diote, baina gastu finkoetako askok bere hartan jarraitzen dute. Autonomoentzako eta negozio txikientzako laguntzak aipatzean, berriz, biak beraien langileekin oroitu dira. «Gizarte segurantzaren, argindarraren edo halako ordainketen aurretik, gure langile multzoaren soldatak lehenetsi ahal izatea eskatuko genuke. Asteburuan lantalde polita dugu, gaztea, eta diru sarrera horiek behar dituzte».
Lourdes Andueza. Zangua zapata denda, Elizondo (Nafarroa)
«Plastikozko galtzerdiak lortu ditut zapatak probatzeko»
Ahizpak eta biak elkarrekin egiten dute lan; maiatzaren 11n irekiko dute negozioa, eta pentsatu dute nola. «Nik plastikozko galtzerdiak lortu ditut bezeroek zapatak proba ditzaten, eta ahizpak zutik erabiltzen diren baporezko plantxa bat erabiliko du jendeak probatzen dituen arropak desinfektatzeko». Irudimena astindu besterik ez zaie gelditu, baina, bi hilabetez negozioa itxita egon ondoren, ateak irekitzeko gogoz daude. Izan ere, eta lokalaren jabea eskuzabala izan den arren, urte gogorra datorrela argi du Anduezak: «Krisi hau ez da ateak irekitzean bukatuko. Guk, adibidez, asko nabaritzen dugu turismoaren eragina. Turistak kolpean erosten du: sartu, probatu, eta eraman. Eta aurten ez dakigu hainbeste jende mugituko den». Dendari txikien garrantzia aldarrikatu du, eta Interneteko plataformek izan duten abantaila handia: «Ingalaterran eta beste herrialde batzuetan muga handiak ezarri zaizkie Amazoni eta horiei. Han, oinarrizko gauzak banatu zitzaketen bakarrik; hemen, aldiz, nahi beste. Jendeak herri txikiak bizirik nahi ditu; bada, horretarako, saltokiak ezinbestekoak gara. Guk, gainera, zergak hemen ordaintzen ditugu, eta plataforma horiek auskalo non ordaintzen duten».
Patrice Duhin. Kioskoa, Baiona
«Espero dut egoera hobetzea, baina guretzat ez da berehala izanen»
Aurpegia maskaraz estalia, baina irribarretsu segitzen du Patrice Duhin Baionako Pannecau karrikako kioskoko nagusiak. Kontatu du krisia hasi denetik bere baitarik eta ahal zuen bezala moldatu dela kontatu du. «Garai batean, farmazia industrian aritu nintzen lanean, eta, beraz, gela eta eskularruak banituen etxean, baina maskararik ez. Ez da erraza izan bat atzematea».
Ondoko asteetan bere dendan saltzeko maskarak jaso beharko lituzke, baina ez daki noiz iritsiko diren. Gel bidoi handi batzuk ere lortu ditu, inguruko dendarien artean banatzeko.
Frantziako Gobernuak agindutako konfinamendua hasi zenetik, goizetan bakarrik irekitzea erabaki du. «Pentsatu nuen hori zela egokiena. Pertsona gehienak goizetan ateratzen dira erosketak egitera, eta egunkaria eta tabakoa ere orduan erosten dituzte. Ez nuen nahi jendea edonoiz etor zedin txikikeria bat erostera. Ordutegiak murriztuz, espero dut konfinamendu neurriak errespetarazten laguntzen dudala».
Muga itxita, Hego Euskal Herrira tabakoa erostera joateko aukerarik gabe geratu dira bezero asko, eta haien irabaziak emendatzen ikusi dituzte Iparraldeko tabako denda anitzetan; ez da Duhinen kasua. Azaldu duenez, martxoan, iaz baino %36 gutxiago irabazi du; apirilerako %50eko apaltzea aurreikusi du. «Aurten ez da xingar feriarik izan; guretzat galera handia da».
Aurkitu dituen laguntza eskaera guziak bete, baina arranguraz ikusten du etorkizuna. «Ikusi beharko da nola pasatzen den maiatzaren 11tik aitzina. Espero dut egoera hobetzea; guretzat ez da berehala izanen».
Xabier Izagirre. Xirimiri txokolategia, Tolosa (Gipuzkoa)
«Lehen eta bigarren fasean irekitzea, ezinezkoa; hortik aurrera, ikusi behar»
Zenbat mahai, terraza, noiz ireki, langile bat, bi... Ostalaritzaren irekiera arautzen duen legedia ezagutarazi zenetik halako zalantzekin dabil Xabier Izagirre. «Lehen eta bigarren faseetan irekitzea ezinezkoa ikusten dut, eta hirugarrenean, ikusi behar». 62 urte ditu, azken 28ak Errementariko kaleko txokolategia gobernatzen, eta, dioenez, gutxitan eman dizkio hainbeste buelta buruari. «Ni bizi naiz eguneroko kafeekin-eta. Bezero finkoak ditut, baina jende kopurua murriztu edo terraza mahaietako bat kentzen badidate, ikusi beharko da horrekin aski dudan aurrera egiteko. Tira, eta ez naiz ni bakarrik,Tolosan taberna txiki asko dago, eta haiek ere nabarituko dute ». Izan ere, jendearen ohiturak ere aldatuko direla uste du. «Ez dakit beldurra den, edo ardura handiagoa. pare bat aldiz pentsatuko dute jende pixka bat pilatzen den tokietara sartu aurretik».
Autonomoentzako laguntzak eskatu zituen berak, eta oraindik ez ditu jaso. Lokalaren jabea delako uste du. «Baina gastu finkoek hor diraute: autonomoen ordainketa, asegurua, egunkaria, argindarra...». Sektorearentzako laguntzak eskatu ditu, eta neurriak ordainketen atzerapenetik haratago joan behar dutela uste du. «Orain, esaterako, BEZaren hiruhilekoa ordaindu behar zen, eta atzeratu egin dute. Berdin udal zerga batzuekin. Baina atzeratzeak bakarrik ez du laguntzen. Orain ordaintzeko gaizki, baina bi hilabete barru ez gara askoz hobeto egongo. Sinetsita nago estualdi honekin negozio askok itxi egin beharko dutela».
Ernesto Leitza. Lonbren elikagai denda, Arbizu (Nafarroa)
«Bezero berriak izan ditugu, gazteak, eta mantenduko ditugu batzuk»
«Guk lan asko egin dugu; goiz eta arratsalde aritu gara. Herriko denda bakarra gara, eta erritmo handian jardun dugu. Enkarguak Whatsapp bidez egiteko aukera jarri genuen, eta gero bila pasatzekoa, eta egunen batean hogeita hamar ere izan genituen». Elikadurarekin zerikusia duten saltoki txikiak besteen kontrapuntua dira, baina Leitzak —44 urte, azken seiak negozioarekin— dioenez, olatua hasia da baretzen. «Halere, ez naiz kexu. Oso eskertua natzaie bezeroei. Jende kopurua bost pertsonara mugatu genuen, eta egun batean egon zen bi orduz kanpoan zain egon zenik». Segurtasun neurriak aspaldi hartuta dauzka, eta ez daki zenbat luzatuko diren. «Edukiera, agian, pixka bat handituko digute. Babes itxitura jarria dugu, eta orain arte gelak eta eskularruak izan ditut, baina orain eskularruak aurkitu ezinik nabil», zehaztu du.
Konfinamendu neurriak arinduz doaz, eta krisiak gizartearentzat ezer on gutxi izango duela argi du, baina alde positiboa ere aurkitu nahi dio. «Bezero berri batek ezagutu gaitu, gazteak. Nola lan egiten dugun ikusi du, bertako produktuekin, eta uste dut horietako batzuk mantenduko ditugula». Gauza bera opa die herriko beste merkatariei, badakielako asko gorriak ikusten ari direla. «Herrietan saltokiak izatearen garrantzia ikusi da. Mundu guztiari bere herrietan kontsumitzeko esango nioke».
Xabier Olmo. Olañeta arropa denda, Bilbo
«Kalkuluak egiten hasi naiz, eta aurten %40 gutxiago salduko dudala uste dut»
Posta kalean duen lokala barrutik margotzeko baliatu du itxialdia Olmok, eta jarduna minutu batzuetan utzi du BERRIArekin mintzatzeko. Dendari familia bateko hirugarren belaunaldia da, eta ez du ezagutu krisi honen parekorik. «2008koa bezalakoa da, baina kolpetik», azaldu du. Biltegia goraino du; udaberriko eta udako enkargua egina zuen, eta sasoia hasi berritan iritsi zen itxialdia. Irekiera du buruan orain, eta, osasun neurriez haratago, badaki itzulera ez dela arrunta izango. «Iazkoarekin alderatuta %40 gutxiago salduko dudala uste dut. Itxita izandako bi hilabeteak %20 inguru izango dira, eta krisiak kontsumoan eragingo duen beherakada, beste hainbeste». Kontsumoaz hitz egitean, baina, kritiko mintzo da. «Jaitsiko da, baina itxialdi honetan banatzaileak jo eta su lanean ikusi ditut nik. Internet bidezko salmentek sekulako gorakada izan dute; hori ere zerbaiten seinale da». Izan ere, erakundeei ardura eskatu behar zaiela uste du, baina baita herritarrei ere. «Denda txikietara jo behar dute, guk mantentzen ditugu bizirik kale eta hiriak. Zergak hemen ordaintzen ditugu».