Goizuetarra zen Lurdes Huizi Perurena, BERRIAko lankidea, eta han egin diote omenaldi txiki bat, euripean, maiatzaren 1eko iluntzean. Konfinamendu garaietan, etxetik atera ezinik, hildakoak behar bezala despeditzeko baldintzarik ez dago, baina herritarrek esker ona agertu diote, etxetik txaloka.
Herriko plazan talde bat bildu da, Senideak ziren tarteko, baina baita suhiltzaile boluntarioak ere. Bertso hau kantatu diote han:
Ze berri txar ta tristea / jasoa dugun tamalez. / Nahi ez genuen unea / iritsi da zoritxarrez. / Taldekide bat joatea / ezin da ulertu errez. / Nahiz ta zuk nahiko zenuken / guk hau hartzea umorez. / Euskaltzalea izatez, / suhiltzailetan bolondres, / beti muxutruk laguntzen, / bueltan ezer jaso nahi ez! / Bihotz ona erakutsiz, / goiz, arratsalde ta gauez. / Mila esker denagatik, / agur eta ohore Lurdes.
Ostegun arratsaldean iritsi zen Huiziren heriotzaren berri. 61 urte zituen. Euskalgintzan eta euskal hedabideetan buru-belarri aritu zen, eta 2004az geroztik ari zen BERRIAn.