HILBERRIA

Lurdes Huizi BERRIAko lankidea hil da

Euskalgintzan bide oparoa egin du: euskarazko hedabideetan ez ezik, euskalduntze-alfabetatzean eta euskara elkarteetan aritu zen urteetan. 61 urterekin zendu da.

Azken Korrikan BERRIAko langileen kilometroan lekukoa eraman zuen Huizik. JON URBE, FOKU
Garikoitz Goikoetxea.
2020ko apirilaren 30a
20:31
Entzun

Zierreko arduraduna, egunkariko orriak osatzen eta berrikusten zituen lankidea galdu du BERRIAk. 61 urterekin hil da Lurdes Huizi, minbiziaren eraginez. Hamasei urteko ibilbidea egin du egunkarian: edizioburu lehenbizi, eta zierrearen arduradun gero. Itzaleko lana. Hala izan du euskalgintzan ere: BERRIAn baino lehen, euskalduntze-alfabetatzean eta euskara elkarteen arloan aritu zen, besteak beste.

Lan profesionala eta konpromiso soziala uztartu ditu ibilbide osoan Huizik. 1980ko hamarkadan murgildu zen euskalgintzan bete-betean: AEKn hasi zen, euskara irakasle, Hernanin (Gipuzkoa). Izatez, herri horretan egin du ibilbide profesionalaren zati handi bat, nahiz eta Goizuetakoa izan (Nafarroa). Euskara irakasle ez ezik, AEKren Donostiako bulegoko material arduradun izan zen urte batzuetan, eta, ondoren, Hernanira itzulirik, eskualdeko ardura hartu zuen. 1990eko hamarkadaren hasieran utzi zuen euskalduntze-alfabetatzea, eta Bitarte enpresan aritu zen, liburu banaketaren arloan.

Hernaniko euskalgintzarekin estu lotuta segitu zuen, hala ere, eta Dobera euskara elkartea sortzeko prozesua hurbil izan zuen. 1993 aldera eratu zuten taldea legez, eta Huizi izan zen elkarteko lehen langilea. Hari egokitu zitzaion Dobera martxan jartzea: lehen egitasmoak abiatu, erakundeekiko harremanak bideratu... Hernaniko Kronika egunkaria sortzeko bidean ere aritu zen.

BERRIAn 2004an hasi zen. Aurretik ere izana zuen harreman estua etxearekin; besteak beste, Hernaniko Egunkaria Aurrera batzordean aritu zen boluntario, proiekturako dirua biltzen. BERRIAko lantaldeko kide gisa, edizioburu aritu zen lehen urteetan, eta zierreko arduradun azkenekoetan.

Euskalgintzan bakarrik ez, beste esparru batean ere erakutsi du konpromiso soziala Huizik: urteetan izan da Goizuetako suhiltzaile boluntarioetako kide. Anbulantzia gidari aritzen zen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.