EUSKAL PRESOAK

Madrilek hirugarren gradua eman die EPPK-ko hiru kideri

Jagoba Codo, Fernando Alonso eta Xabier Agirreri aldatu diete gradua Espainiako Espetxe Erakundeek. Iaztik kolektiboko sei lagun jarri ditu erregimen horretan.

Sarek urtarrilaren 11n euskal presoen eskubideen alde eginiko manifestazioa. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
2020ko apirilaren 30a
14:22
Entzun

Espainiako Espetxe Erakundeek hirugarren gradua eman diete hiru euskal presori: Jagoba Codori, Fernando Alonsori eta Xabier Agirreri. Hirurak ere EPPK-ko kideak dira. Alonso Villabonan dago (Asturias, Espainia), Euskal Herritik 345 kilometrora, eta Codo eta Agirre Logroñon (Espainia), 170 kilometrora. Codok gaixotasun larri bat du.

Espetxe Erakundeek nabarmendu dutenez, hirurek bete dituzte zigorren hiru laurdenak, indarkeriarekiko arbuioa adierazi dute, baita eragindako kaltea eta espetxe legezkotasuna aitortu ere, eta, beraz, irpizpideak betetzen dituzte hirugarren gradura igarotzeko.

Barne eztabaidaren ondorioz EPPK-k 2017an hasitako bidetik, orain arte kolektiboko hiru kide pasatu zituen Madrilek hirugarren gradura: iazko otsailean, Xabier Sagardoi —apirilean aske geratu zen—; ekainean, Jose Angel Otsoa eria —uztailean baldintzapean libre geratu zen, eta urrian hil egin zen—; eta abenduan, Gorka Fraile eria —hil honetan libre geratu da, baldintzapean—.

Sare herritar plataformak esan du «berri positiboa» dela hirugarren gradua ematea. «Preso orok du progresio hori egiteko eskubidea, eta progresio hori da etxeratze prozesua abian jartzeko egin beharreko urratsa eta bidea. Oraindik orain, euskal presoen gehiengoak ez du graduen progresio hori egiteko aukera eskuratu, baldintzak bete arren. Horregatik, berri honen aurrean, gainontzeko euskal presoei ere bide hau egiteko aukerak ezartzeko eskatzen dugu».

AVT biktimen elkartea, aldiz, kritiko azaldu da; gradu progresiorako betebehar «legalak» betetzen badira ere, elkarteak nabarmendu du aurretik ere gerturatu zituztela hirurak Euskal Herritik gertuago zeuden kartzeletara. Beraz, susmoa dute gerturatzeak «askatasunearen aurreko pausoa» izaten ari direla. Era berean, AVTk arbuiatu egin du hirugarren graduak ematea presoei baldintza gisa jarri gabe «justiziarekin kolaboratzea».

Bestalde, Frantziako Dei Auzitegiko Instrukzio Ganberak berriz ere ezezkoa eman dio Josu Urrutikoetxea euskal presoa askatzeko eskariari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.