Koronabirusaren eragina neurtzeko datu fidagarrienetako bat da heriotza kopurua. Azken orduetan, beste 25 pertsona hil dira gaitzak jota, eta beherantz egin du hildako berrien kopuruak atzoko egunarekin alderatuta –35 hildako iragarri zituzten–.
Kutsatu berriei buruzko datuak ere eman dituzte Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak. PCR proben bidez –fidagarrienak dira, eta pertsona batek birusa momentu horretan ba al daukan zehazten dute–, ziurtatu dute beste 103 pertsona gaixotu direla. Ospitaleratura dauden gaixoen kopuruak ere eguneratu dituzte. Hego Euskal Herriko ospitaleetan, koronabirusa daukaten 845 gaixo artatzen ari dira, eta horietako 137 ZIUan daude.
Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Nekane Murga ZIUan dauden gaixo kopuruari buruz aritu da, besteak beste. Joera «beheranzkoa» dela ziurtatu du, atzo baino zazpi gaixo gutxiago daudelako Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ospitaleetako ZIUetan. Santos Indurain Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilariaren hitzetan, zenbaki «baikorrak eta itxaropentsuak» dira, gero eta kutsatu gutxiago daudelako, eta iritzita kasuak ez direla hain larriak. ZIUen egoerari buruz aritu da Indurain ere. Azpimarratu du jaitsiera «nabarmena» izan dela, eta, 40 gaixorekin, «punturik baxuenean» daudela.
Nafarroan iragarri zuten hildako kopuru esanguratsuak ere –atzo hamasei eta bezperan bat ere ez– argitu nahi izan ditu. Azaldu du akats baten ondorioz data batean pilatu zirela aurreko egunetan gertatutako heriotzak.