Urkullu, alarma egoera luzatzearen aurka

Espainiako Gobernuaren jarrera kritikatu du lehendakariak, «atzeraldi zentralizatzaile bat» sustatzen ari dela azpimarratuta. Bi aldeko komunikazioa exijitu dio Pedro Sanchezi, eta «neurri partekatuak hartzen jarraitzeko» eskatu

Iñigo Urkullu, artxiboko irudi batean. IREKIA
Iosu Alberdi.
2020ko apirilaren 29a
20:07
Entzun

Urkulluk adierazi du ezin direla «aginte bakarra» eta «alarma egoera» Espainiako Gobernua egiten ari den moduan mantendu: «Ez da eredu onena eta eraginkorrena erabiltzen ari, kontrakoa». Salatu du Madrilek «estatu eredu probintzial bat» sustatu nahi duela, erabaki bateratuak hartu ordez. Lehendakariak adierazi du Espainiako presidente Pedro Sanchezi azaldu diola Jaurlaritzak «Euskadin, normaltasunerako trantsizioko erabaki, erritmo eta faseak kudeatzeko gaitasun osoa» duela.

Atzo aurkeztu zituen Espainiako presidenteak «normaltasun berrira» iristeko lau faseak. Eusko Jaurlaritzaren gobernu bilera ostean, sailburuek ez dute erabakiaren inguruko adierazpenik egin nahi izan, baina Iñigo Urkullu lehendakaria bera mintzatu da arratsaldean, Babes Zibileko aholkularitza batzordearen bilera amaitutakoan.

Lehendakariaren esanetan, erabaki horrek «atzeraldi zentralizatzaile bat» eragin du: «Ez ditu errespetatzen ez nazio aniztasuna, ez autonomia estatua. Are gutxiago, gure autogobernuaren gaitasuna». Horregatik, «neurri partekatuak hartzen jarraitzeko» eskatu du, «bizitza sozial eta ekonomikoa berreskuratzeko». Izan ere, Urkulluren esanetan, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan erabakiak hartzeko beharrezkoa da «euskal instituzioen lidergoa». Hala, «eredu autonomikoarekin, eta elkarlanerako espirituarekin», beste modu batera ekiteko deia egin du.

Espainiako Gobernuaren komunikazio eza kritikatu du lehendakariak, eta Pedro Sanchezi exijitu dio «bi aldeko interlokuzio bat» irekitzeko. Izan ere, Urkulluren iritziz, koordinazioa eta lankidetza beharrezkoak dira, baita «estatuarekin» ere: «Garrantzitsua irizpideak elkarbanatzea da, ez tutoretza egoera iraunkor bat mantentzea». Gaineratu du orain arteko erabakiak Jaurlaritzaren «gomendioak eta protokoloak entzunda» hartu direla.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.