Espainiako Gobernuak ezarritako arauaren arabera, gehienez kilometro bat urrun daiteke etxetik haurrekin paseatzeko, esaterako. Baina zenbat da kilometro bat?
Ez da erraza kalkulatzen: pauso luzexka batek gutxi gorabehera metro bat duela onartuta, mila bat zenbatu beharko lirateke. Baina litekeena da kontua galtzea bidean, batez ere paseoaz edo kirolaz gozatu nahi bada.
Arazoari konponbide teknologikoa topatu dio Egoitz Gonzalez ingeniariak. Telefonorako aplikazio bat sortu du, erabiltzaileari erakusten diona kilometroa gainditu ote duen. Bizitokitik COVID-19 jarri dio izena softwareari.
Erabiltzaileak puntu bat aukeratu beharko du mapa batean, eta aplikazioak borobil batez erakutsiko dio noraino joan ahalko den. Gainera, tresnak erabiltzailearen posizioa jarraituko du, une oro (geolokalizazioa aktibatuta eduki beharko da horretarako), eta mapan puntu urdin batekin erakutsiko dio.
«Aplikazioa lehen aldiz exekutatzerako orduan etxean egon behar duzu. Modu honetan, aplikazioak zure uneko posizioa gorde eta beharrezko eremua marraztuko du. Zure bizitokia eta eremua aplikazioaren memorian gordeko da. Ez dira datuak hodeian gordetzen, zure pribatutasuna bermatuz», idatzi du informatikariak. Gune honetan jarri du Bizitokitik COVID-19 aplikazioa, deskargatzeko.
Lizentzia librean argitaratu du aplikazioa, halaxe garatzen dituelako tresna guztiak.