euskal presoak

Parisek berriro ezezkoa eman dio Josu Urrutikoetxea askatzeko eskariari

Gaur aztertu dute defentsa abokatuen eskaera, Dei Auzitegian. Bakegileek esan dute «ulertezina eta eskandalagarria» dela erabakia. Epaileek apirilaren 1ean ere euskal presoaren askapena ukatu zuten.

Josu Urrutikoetxea, 2002an, Bilbon. LUIS JAUREGIALTZO, FOKU
enekoitz esnaola
2020ko apirilaren 29a
18:02
Entzun

Frantziako Dei Auzitegiko Instrukzio Ganberak berriz ere ezezkoa eman dio Josu Urrutikoetxea euskal presoa askatzeko eskariari. Gaur aztertu dute defentsa abokatuen eskaera berria, Parisen, eta auzitegiak hasieran esan du bihar jakinaraziko zuela ebazpena, baina azkenean gaur bertan eman du. Urrutikoetxearen osasuna dela-eta baldintzapean libre uztea galdegin du defentsak, eta epaileei proposatu die eskumuturreko telematiko bidezko zaintza elektronikoa ezar diezaiotela. Fiskala askatzearen aurka azaldu da; presoa libre uzteko orain ere «arrazoirik» ez dagoela esan du. Urrutikoetxeak bideo konferentzia bidez izan da saioan, La Sante Parisko kartzelatik.

Apirilaren 1ean ere auzitegi berak ez zuen onartu askatasun eskaria, La Sante espetxeko medikuburuak kartzelaldia eteteko eskatu zuen arren, ziurtagiri bat eginda. Medikuaren esanetan, COVID-19aren hedatzeak eragina izan dezake preso eriaren osasun bilakaeran. Beste ziurtagiri bat ere egin du, gauza bera esanez.

Gaur Urrutikoetxeak (69 urte) senideei egindako telefono dei batean azaldu du bere moduluan zeuden bi preso mugitu egin dituztela goizean, koronabirusak kutsatuta dauden susmoak dituelako espetxeak. Preso horietariko batek modulu horretan janaria banatzen zuen, ziegaz ziega.

Bakegileak: «Ulertezina eta eskandalagarria»

Bakegileek Dei Auzitegiaren erabakia salatu dute, «ulertezina eta eskandalagarria» dela iritzita. «Euskal presoei aplikatzen zaizkien salbuespenezko neurriak eta Euskal Herriko bake prozesuan eman diren aitzinamenduak ikusteko borondaterik eza agerian uzten du».

Twitterren adierazi dute epaileek ez dutela COVID-19ak eragindako osasun testuingurua eta Urrutikoetxearen osasun egoera kontuan hartu. Gogoratu dute Frantziako Justizia ministro Nicole Belloubetek koronabirusa dela-eta hartutako neurri berriek 11.500 preso askatzea ekarri dutela. Haien artean ez da euskal preso eririk, esaterako. «Josu Urrutikoetxea bezala, Jakes Esnal, Gurutz Maiza, Ion Parot, Xistor Haranburu eta Ibon Fernadez Iradi ere COVID-19arekin arriskuan dira. Preso horien berehalako askatasuna eskatzen dugu«, esan dute bakegileek.

Estradizio eta euroagindu eskaeren erantzunak

Iazko maiatzaren 16an atxilotu zuen Frantziako Poliziak Urrutikoetxea, Alpeetako herri batean: Sallanches-en. Erietxe batera prostata ebakuntza egitera zihoan. 2002ko urritik ihesean zegoen, ETAk 1987an Guardia Zibilaren Zaragozako kuartelaren kontrako atentatuagatik inputatu zuenetik Espainiako Auzitegi Nazionalak. Madrilek bi euroagindu eta bi estradizio eskaera eginak dizkio Parisi.

Urtarrilaren 8an Dei Auzitegia, Zaragozako kuartelaren auzian, Urrutikoetxea estraditatzeko eskaeraren alde azaldu zen. Frantziako Gobernuak hartuko du erabakia, eta ez du epe jakinik horretarako. Beste hiru kasuak gaur hizpide izan dituzte auzi saioan, eta epaileek erabaki dute Luis Herguetaren atentatuagatik (1980) eskatutako estradizioaren erantzuna ekainaren 10ean ematea. Barajas Madrilgo aireportuko atentatuagatik (2006) Madrilek galdegindako euroaginduaren erantzuna ere ekainaren 10ean emango dute epaileek —gizateriaren kontrako erasoa egozten diote Urrutikoetxeari—. Eta herriko tabernen auziari lotutako euroaginduaren azterketa ekainaren 3ra atzeratu dute.

Joan den asteburuan nazioarteko 126 eragilek euskal presoa libre uzteko eskatu zuten, Mediapart atariko artikulu batean. Haren osasun egoera eta bakegintzarako egindako lana aipatu zituzten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.