Euskal presoak

Urrutikoetxea aske uzteko eskatu dute nazioarteko 126 eragilek

Ohartarazi dute, haren adina eta COVID-19 gaitzaren pandemia aintzat hartuta, euskal presoaren bizitza «arriskuan» dagoela. Christiane Taubira Frantziako Justizia ministro ohia dago sinatzaileen artean; Noam Chomsky eta Gerry Adams ere bai.

Josu Urrutikoetxea, Bilbon, 2002ko abuztuan. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
jon olano
2020ko apirilaren 25a
19:12
Entzun

Euskal Herriko bake prozesuarekin «engaiatuta» dauden dozenaka eragilek manifestu bat argitaratu dute Mediapart atarian "https://www.berria.eus/blogariak/lerrobatzuk/2019/09/05/josu-urrutikoetxea-bilduma/">Josu Urrutikoetxea euskal presoa aske utz dezatela eskatzeko. Sinatzaileak 126 dira guztira, eta filosofoak, magistratuak, politikariak, konponbide prozesuetan parte hartutakoak eta beste esparru batzuetan aritutakoak dira. «Hura preso mantentzea Frantziako Estatuak mundu osoko bake prozesuei bidalitako seinale oso txarra litzateke», adierazi dutenez.

Mediapart-eko agiriaren sinatzaileek azaldu dute, koronabirusak eragindako osasun krisiaren testuinguruan, Urrutikoetxea «arriskuan» dagoela La Sante espetxean, uste baitute egungo egoeran ezin direla preso eduki adineko pertsonak eta gaixotasunak dituztenak, birusaren aurrean «zaurgarriagoak» direlako.

70 urte betetzekoa da aurten Urrutikoetxea, eta haren osasun egoera «oso ahula» dela ohartarazi dute sinatzaileek. Frantziako Dei Auzitegiko Instrukzio Ganberak baldintzapean aske geratzea ukatu dio hil honetan Urrutikoetxeari, muzin eginda sendiaren eskariari eta La Sante espetxeko medikuburuaren ziurtagiri bati.

Sinatzaileen artean daude Gerry Adams Irlandako Sinn Feineko buruzagi historikoa eta Aieteko 2011ko adierazpenaren bultzatzaileetakoa, Noam Chomsky,  Jean-Luc Nancy, Slavoj Zizek eta Jacques Ranciere filosofoak, Brian Currin euskal gatazkaren konponbide prozesuan Harremanetarako Nazioarteko Taldeko kidea, Veronique Dudouet gatazken konponbiderako Berghof fundazioaren ikerketa zuzendaria, Christiane Taubira Frantziako Justizia ministro ohia Pierre Joxe Frantziako Barne eta Defentsa ministro ohia, Serge Portelli magistratua, Jean-Felix Acquaviva Korsikako diputatua, Esther benbassa senataria, Abraham Behar 1985ean eta 2017an bakearen Nobel Saria irabazi zuen ICAN Arma Nuklearrak Desagertzeko Nazioarteko Kanpainaren presidente ohia, Ken Loach zinegilea...

Manifestuaren babesleek gogorarazi dute, Nazio Batuen Erakundeak, Suitzak eta Norvegiak babestutako bake negoziazioetan parte hartuta,  Urrutikoetxeak «ardura» erakutsi duela indarkeria amaitzeko eztabaidak gauza zitezen: «Haren inplikazio irmorik gabe, ezinezkoa zatekeen aldaketa horiek gauzatzea». Era berean, erantsi dute Urrutikoetxearen engaiamendua aitortu dutela gatazken konponbidean diharduten nazioarteko eragile ugarik.

Iazko maiatzaren 16an atxilotu zuten Urrutikoetxea, Frantziako Alpeetan, Sallanches herrian. Ekainaren 19an, Dei Auzitegiak baldintzapean libre uztea erabaki zuen, baina preso segitu zuen, Espainiako Estatuaren eskaera bat zela eta. Irail hasieran ebakuntza bat egin zioten, Parisko erietxe publiko batean, prostatan; hain zuzen, atxilotu zutenean, ospitale batera zihoan ebakuntza egitera. Urrutikoetxea (Ugao, Bizkaia, 1950) La Sante Parisko espetxean daukate preso.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.