Sanferminak bertan behera utzi ditu Iruñeko Udalak

EH Bilduk gaitzetsi egin du San Fermin jaiak bertan behera uzteko iragarpena Sanferminetako Mahaian kolektiboak bildu gabe egin izana, eta osasun agintarien txosten barik. Udalak bideo bat zabaldu du erabakiaren berri emateko. Ikusi bideoa albistearen amaieran.

Iazko sanferminak. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Edu Lartzanguren.
2020ko apirilaren 21a
12:14
Entzun

«Ez dago beste aukerarik; hala ulertu dugu udalean, eta hala ulertu dute hainbat elkartek», esan du Ana Elizalde alkateordeak. «Halako egoera batean ez dago tokirik txupinazoetarako», adierazi du. «Agerikoa da, eta uste dut hori dela iritzi publikoaren sentipena: gure jai kuttunak eta koronabirusa bateraezinak direla».

Iruñeko Udalak iragarri du aurtengo sanferminetako aurrekontuak «behar sozialak» asetzeko erabiliko dituztela. «Nazioarteko albistea da Sanferminak bertan behera uztea», esan du Elizalde alkateordeak. Gaineratu du ez dagoela jakiterik jaiak aurten geroago egiterik egongo den.

Bi hilabete eta erdi falta ziren sanferminetarako udalaren iragarpena heldu denean. Alkateordeak esan duenez, bideak bilatuko dituzte «galera ekonomiko eta emozionala konpentsatzeko». 

Ostalaritzak izango dituen kalteak arintzeko azterketa bat egiten ari direla gaineratu du alkateordeak. Enrique Maia alkateak ez du eman prentsaurrekoa, COVID-19 gaitza hartu eta oraindik sendatzen ari baita, Elizaldek esan duenez.

Gaur goizean Oktoberfest jaia bertan behera utzi dute Munichen (Alemania), alkateordeak gogoratu duenez. Edonola ere, gaineratu du ez dutela baztertzen sanferminak irailean-edo egitea.

Elizaldek esan du sanferminetako mahaira orain deitzeak «ez lukeela zentzurik». Gaineratu duenez, erabakiaren berri eman diete jaietan parte hartzen duten eragile askori, iragarri aurretik.

«Uztailaren 7a San Fermin eguna izango da, halere», esan du, baina adierazi du goiz dela esateko ea ekitaldi ofizialen bat egingo duten eguna ospatzeko.  «Agertokia ezin baita aurreikusi, eta hemendik bost hilabetera gertatuko dena asmatzea edo iragartzea arduragabekeria litzateke. Gaur-gaurkoz, zaila dirudi sanferminak aurten ospatu ahal izateak, baina gertaerek zer-nolako bilakaera duten ikusi beharko dugu». Halere, herritarrei adierazi die «irudimena libre» dela ospatzeko; betiere, ezarritako «osasun neurriak aintzat hartuta».

EH Bilduren kritika

EH Bilduk gaitzetsi egin du San Fermin jaiak bertan behera uzteko iragarpena Sanferminetako Mahaian kolektiboak bildu gabe egin izana. Koalizizoa kexu da osasun agintariei txostenik eskatu ez dietelako, eta data aldaketa erabakitzeko prozesua herritarren parte hartzearekin egiteko eskatu du.

Enrique Maiaren taldearen erabakia «aldebakartasunaren beste adibide bat da», koalizio suberanistaren arabera. EH Bilduk ez du zalantzan jarri erabakia, baizik eta Sanferminetako Mahaia bildu ez izana «gaia eztabaidatzeko eta alternatibak bilatzeko». Salatu dutenez, alkatearen taldeak ez du informaziorik eman osoko bilkuran, eta ez dio hari iritzirik eskatu, ezta elkarte, peña eta bestelako eragileei ere. «Jai hauek lehen mailako ekitaldi herrikoi egiten dituzten eragileen mespretxua da». Koalizioak iragarri du jarraituko dutela Sanferminetako Mahaia biltzeko eskatzen, erabakitzeko jaiak behin betiko bertan behera uztea edo «data alternatiboak» pentsatzea.

Iruñeko Peñen Federazioak ere udalaren «komunikazio falta» salatu du, eta nabarmendu du eskertzekoa zatekeela bestak antolatzen dituzten kolektiboekin «gutxieneko interlokuzio» bat izatea. «Badira bi aste Sanferminetako Mahaia biltzea eskatu genuela, eta ez dugu erantzunik jaso», azpimarratu du Federazioak. Peñek ontzat jo dute sanferminak bertan behera uztea, eta onartu dute «mingarria» den arren esperotako erabakia zela. Peñen federazioak eskua luzatu dio udalari datozen sanferminak elkarlanean antolatzeko. 

Beharrezko neurria

Geroa Baik eta PSNk «beharrezkotzat» eta «egokitzat» jo du tesanferminak bertan behera uzteko erabakia. Patxi Leuza Geroa Baiko zinegotziak nabarmendu du Iruñeko Udalak arduraz jokatu duela eta herritarren osasuna dela garrantzitsuena. Leuzak nabarmendu du ulertzen duela herritarren tristezia eta amorrua, eta eskatu du ez dadila espekulatu beste data  baten inguruan. Gainera, Leuzak alkateari oroitarazi dio udal talde guztien elkarlana beharrezkoa dela neurriak hartzeko orduan.  

PSNk ere «ontzat» eman du sanferminak bertan behera uzteko erabakia. Maite Esporrin zinegotziak nabarmendu du egungo egoeran ez zegoela bertze erabaki posiblerik. Krisian kaltetutakoak laguntzeko unea dela nabarmendu du Esporrinek, eta espero duela sanferminak sarri ospatzeko aukera izanen dela, horrek adieraziko duelako koronabirusa gainditu dela. 

Nafarroako Ostalaritza eta Turismo Elkarteak onartu du sanferminak bertan behera uztea beharrezko neurria dela. Alta, sanferminik ez ospatzea sektorearentzat «dramatikoa» izango dela onartu du Nacho Calvo elkarteko idazkari nagusiak, eta oroitarazi du 2006ko ikerketa baten arabera Iruñeko jatetxe eta ostatuetako fakturazioaren %20 sanferminetan izaten dela. 

#Bizikoditugu bideoa

Sanferminak bertan behera geratu direla iragartzeko, udalak bideo bat argitaratu du. Minutu bat irauten du, eta sare sozialetarako pentsatu dutela adierazi dute. Horregatik, #Bizikoditugu traola sortu dute, erantzunak biltzeko. Albisteak sanferminzaleen artean sortuko dituen sentipenak islatzen saiatzen da bideoa, kanpainaren arduradunen arabera.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.