Koronabirusak eragindako osasun krisiak jarduna egokitzera behartu ditu eragile gehienak, eta baita Gure Esku erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamika ere. Testuinguru horretan, Gure Esku-k Gelditu. Hausnartu. Erabaki izeneko solasaldi digitalen ziklo bat martxan jarriko du etzi, ostegunez. «Bizi dugun osasun krisiak salbuespenezko egoera batera eraman gaitu; gure gizartearen indarguneak nahiz ahuleziak muturrera eraman eta azalera ekarri ditu. Hamaika auzi zeuden mahai gainean krisi honen aurretik ere, baina ezin uka egoera honetan gai asko eta askok esanahi berezia hartu dutela», nabarmendu dute.
Internet bidezko solasaldiotan, bi edo hiru hizlari elkarren artean ariko dira hizketan, ordu erdiz, eta dagokien gaiari buruz egiten duten egoeraren analisia eta euren ustez behar diren aldaketak eta hartu beharreko erabakiak partekatuko dituzte. Bost saio antolatu dituzte:
Kultura: apustu egiteko garaia
Apirilaren 23an —19:00— *Euskaraz
Garbiñe Ubeda idazlea eta Euskal Idazleen Elkarteko lehendakaria, Gotzon Barandiaran idazlea eta kulturgilea, eta Hedoi Etxarte idazlea eta Katakrak liburu dendako kidea.
Espazio publikoaren itxiera
Apirilaren 28an —19:00— *Euskaraz
Mario Zubiaga politologoa, EHUko ikertzaile eta irakaslea, eta Gure Esku-ren Zuzendaritza Kontseiluko kidea eta Xabier Barandiaran soziologoa, Deustuko Unibertsitateko irakasle eta Gipuzkoako Foru Aldundiko estrategia arduraduna.
Gobernantza ereduaren krisia
Apirilaren 30ean —19:00— *Gaztelaniaz
Jaume Lopez Pompeu Fabra Unibertsitateko Zientzia Politikoetako irakaslea eta Zelai Nikolas legelaria eta Gure Eskuren Zuzendaritza Kontseiluko kidea.
Elikadura eta kontsumoa: teoriatik praktikara
Maiatzaren 5ean —19:00— *Euskaraz
Gotzone Sestorain Zabaleta baserritarra eta Etxalde sindikatuko eta Leitzeko kontsumo taldeko kidea, eta Mirene Begiristain Zubillaga ekonomialaria, EHUko ikertzaile eta irakaslea, eta EH Kolektiboko zein OlatuKoop kooperatiba sareko kidea.
Sistemaren krisia
Maiatzaren 7an —19:00etan— *Gaztelaniaz
Amaia Perez Orozko ekonomialari eta aktibista feminista eta Jule Goikoetxea filosofo politikoa, ikertzailea, irakaslea eta aktibista feminista.
Elkarrizketak zuzenean ikusi ahalko dira, baita gerora ere, Gure Esku-ren Youtubeko kanalean.
Horrekin batera, Gure Esku-k komunitatearen babesa beharrezkotzat jo du aurrera egiteko: «Aurretik ere bagenekien, baina orain ere agerian geratu da gutako bakoitzak besteen beharra duela, inor ez dela independente, eta autosufizientzian oinarritutako gizarte ereduek ez dietela erantzuten herritar guztion beharrei». Erantsi dute bazkideak direla Gure Esku-ren sostengu ekonomiko bakarra, eta kanpaina berezi bat martxan jartzeko asmoa agertu dute, «komunitatearen babesa indartzeko asmoz».
Kaleko mobilizazioak, udazkenera
Era berean, Hamaika Gara dinamikaren sustatzaileetako bat da Gure Esku, eta egitasmo horren barruan mobilizazioak antolatu zituzten maiatz-ekainetarako. Horiek udazkenera atzeratu dituzte, osasun krisiak hala behartuta, baina gogorarazi dute martxoaren 11n abiatutako sinadura bilketak zabalik dagoela oraindik ere.