EHUk 500 eta 1.000 test artean egin ditzake egunean

Jaurlaritzak eta Euskal Herriko Unibertsitateak zehaztu dute proba gehiago egin behar zaizkiola EHUk garatutako teknikari.

EHUk, Jaurlaritzak eta Osakidetzak gaur eginiko bilera. IREKIA
2020ko apirilaren 20a
11:35
Entzun

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, Euskal Herriko Unibertsitateak eta Osakidetzak berretsi egin dute elkarlanerako bide bat ezarri behar dela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan koronabirusari aurre egiteko, ikerketarekin lankidetzan arituz. Madrilgo Carlos III.a osasun institutuak COVID-19arekin lagin klinikoen PCR analisiak egiten laguntzeko laborategi gisa gaitzeko prozedura gainditu zuen EHUk, eta, orain, bi erakundeak «lankidetza estutzen» ari dira horiek erabiltzeko aukerak aztertzeko.

Jaurlaritzak, EHUk eta Osakidetzak bilera bat egin dute gaur goizean. Parte hartu dute Antonio Lopez Urrutia Gurutzetako Laborategiko Kudeaketa Klinikoaren Unitateko buruak, Ana Quinteiro Osakidetzako Diagnostiko Biologikoaren Sareko koordinatzaileak, Ugo Mayor ikerketa proiektuaren koordinatzaileak eta Gorka Perez-Iarza EHUko Garapen Zientifikoko zuzendariak.

Jaurlaritzak eta unibertsitate publikoak ohar batean jakinarazi dutenez, azken egunetan egindako bilera teknikoek balio izan dute EHU buru duen ikerketa proiektua aztertzeko, koronabirusa atzemateko proba bat prestatzearekin lotuta. Orain, proba horiek pazienteekin erabili ahal izateko, beharrezkoa da «baliozkotze kliniko gehigarri bat» egitea.

Teknika hori «ikerketa laborategi baten ikuspuntutik gaituta» dago, baina proba gehiago egitea falta da, kutsatutakoengan erabilgarria izan dadin. EHUko ikertzaileek eta Osakidetzako langileek «lan estua» egiten jarraituko dute datozen egunetan, proba «ahal bezain laster» eskuragarri izateko, eta, ondoren, proba horiek erabiltzeko dauden aukerak aztertzeko, «betiere asistentzia eremuaren eta lankidetza hitzarmen baten babespean». Egunean 500 eta 1.000 test bitartean egiteko gaitasuna izango luke EHUk.

Haatik, EH Bilduk proposamen bat aurkeztu du Eusko Legebiltzarreko Diputazio Iraunkorrean eztabaidatzeko, «premiazkoa baita EHUk garatutako testak erabiltzea egunero milaka proba egiteko, kutsaduraren katea etete aldera». Nekane Murga Osasun sailburuaren agerraldia ere galdegin du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.