Donostiako Udaleko Ingurumen Sailak txosten bat argitaratu du erakusteko itxialdiak hiriko airearen kalitatean izan duen eragina. Bi parametro aztertu dituzte: nitrogeno dioxidoa (NO2) eta 10 mikrometro edo gutxiagoko partikulak (PM10).
Udal teknikarien arabera, martxoaren 14an ezarritako konfinamenduak aukera handia eman die giza jarduerek aire kalitatearen duten eragina aztertzeko. Bi kutsatzaile horiek aztertu dituzte horiexek direlako “ohikoenak” hiri inguruneetan.
Donostian Eusko Jaurlaritzak airearen kalitatea kontrolatzeko dituen estazioen datuak erabili dituzte azterketa egiteko. Añorgan, Ategorrietan, Tolosa hiribidean, Easo plazan, Puiun eta Zubietan daude.
Martxoaren 30etik apirilaren 12ra aztertu dute airea, tarte horretan erabateko konfinamendua ezarri zutelako, eta bakarrik funtsezko lan jarduerak egin zitezkeen. Hau da, mugimendurik txikiena egon zen epea.
Zerekin konparatu datuak, ordea? Maila normalak edo ohikoak zeintzuk diren erabakitzeko, 2016-2019 urteen arteko batezbestekoak hartu dituzte, data berberetan. Teknikariek ohartarazi dutenez, Zubietako kasuan ez, hango estazioa 2019an hasi baitzen lanean.
Ondorioak
Erregaia erabiltzen duten ibilgailuek kanporatzen dute nitrogeno dioxidoa. Ikusi dutenez, leku guztietan jaitsi da. Hor ustekaberik ez, noski. Baina ez da berdin jaitsi leku guztietan. Ikusi dutenez, askoz gehiago jaitsi da industria edo obrak dauden lekuetan, %53 eta %67 artean. Trafikorik handiena duten hiriguneko estazioetan gutxiago jaitsi da, Ategorrietan eta Eason, alegia. Ikertzaileek ondorioztatu dutenez, hala gertatu da horietan errepideak zabalik jarraitu dutelako eta hainbat obra ez direlako gelditu, “lehentasunezkotzat” jo dituztelako.
Gehien jaitsi den tokietan, 6-7 μg/m3 mailara heldu dira. Ikertzaileek nabarmendu dutenez, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) urterako 40 μg/m3 mailan du muga. Beraz, gomendaturiko gehienezko kopuruetatik oso urrun ibili da nitrogeno dioxidoaren kontzentrazioa.
Horrekin batera, hirietan kutsagairik kaltegarriena partikulak dira. Horiek naturalak izan daitezke, Saharako hautsa eta polena kasurako, edo gizakiek sortutakoak. Kaltegarriak dira 10 mikrometro baino gutxiago dituzten partikulak, birikietaraino sartzeko ahalmena dutelako. Parekatzeko: gizakien batez besteko ile bat 100 bat mikrometro lodi izaten da.
Ikusi dutenez, PM10 partikulak ia estazio guztietan gutxitu dira. Nitrogeno dioxidoaren kasuan ez bezala, gehiago jaitsi da trafiko handiko lekuetan, %17-33. Zergatik ez da horrenbeste jaitsi? Ikertzaileen arabera, polenak izan du zerikusia horretan. Urtez urte, asko aldatzen da polen kontzentrazioa udaberriko asteetan, euria dela edo tenperatura dela. Horren froga litzateke partikula kutsadura gutxiago jaitsi izana zuhaitz gehiago dauden inguruetan, hau da, Puiun, Zubietan, Añorgan eta Ategorrietan.
Osasunaren Mundu Erakundeak eguneko 50 μg/m3 mailan ezarrita du muga. Kutsadurarik handiena jaso duen estazioan —Ategorrietan—, 14 μg/m3 mailatik ez da pasatu: erreferentziazko epean baino hiru puntu gutxiago.
Donostiako Udalaren azterketak berretsi egin ditu Ekologistak Martxan taldeak apirilaren hasieran eginiko azterketaren emaitzak. Hego Euskal Herriko hiriburuetako datuak aztertu zituzten ekologistek, eta, ondorioztatu zutenez, NO2 kontzentrazioa %46 murriztu zen Bilbon, eta %87 Iruñean.