EH Bildu ez da itun batean sartuko «helburua 1978ko erregimena indartzea bada»

Pedro Sanchez Espainiako gobernuburua euskal talde subiranistaren eledun Mertxe Aizpuruarekin batzartu da, bigarrenez. Langile eta sektore ahulenen eskubideak zaintzeko eskatu du EH Bilduk.

Mertxe Aizpurua EH Bilduren eleduna, gaur, Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuarekin hizketan.
enekoitz esnaola
2020ko apirilaren 17a
15:04
Entzun

EH Bildurekin ere batzartu da Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea, koronabirusaren krisiari eta haren ondorioz datorrenari aurre egiteko mahai bat sortzeko bilera sailaren barruan. Zehazki, Mertxe Aizpurua EH Bilduren eledunarekin hitz egin du, modu telematikoan, eta Aizpuruak bi ideia nabarmendu dizkio: «Langile eta sektore ahulenen eskubideak zaindu eta hobetu» beharko liratekeela, eta EH Bildu ez dela halako paktu baten parte izango «helburua 1978ko erregimena indartzea bada». Estatuaren «berreraikuntza sozial eta ekonomikorako» itun bat egitea da Sanchezen xedea.

Martxoaren 16an ere mintzatu zen gobernuburua EH Bildurekin —orduan ere Aizpuruarekin—, estatuan alarma egoera ezarri ostean egindako lehen bilera sail telematikoan. Aurreneko aldia izan zen Espainiako gobernuburu batek Amaiur-EH Bildurekin hitz egin zuela. EH Bilduk gaur eskerrak eman dizkio Sanchezi pandemiari aurre egiteko informazioa eta hausnarketak zabaltzen jarraitzeko erakutsitako «tonuagatik eta prestasunagatik», eta, halaber, azaldu dio «elkarlanerako borondatea eta euskal subiranotasunaren defentsa irmoa» aurkituko dituela. «Dena dela, EH Bilduk argi dauka gure herrian garatu behar dela elkarrizketa esparru nagusia», esan du ezkerreko euskal talde subiranistak, ohar batean.

Aizpuruak adierazi du krisia «luzea» izango dela, «ondorio ekonomiko eta sozial larriak» sortuko dituela, eta aurreratu du ez dutela onartuko ondorioak «langile, pentsiodun, autonomo edo enpresari txikien bizkar gainean jartzea, 2008ko krisiarekin gertatu zen bezala». Hala, langileen eta gizarteko sektore «zaurgarrienen» aldeko «neurri eraginkorrak» hartzeko eskatu du.

Atzo EAJrekin batzartu zen Sanchez —Aitor Esteban Kongresuko eledunarekin–, eta EAJk azaldu zuen arlo ekonomikora mugatu nahi duela estatuko ituna.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.