Ekonomia

Txinako ekonomiak atzera egin du, lehen aldiz azken 40 urteetan

Urteko lehen hiruhilekoan %6,8 txikitu da Txinako barne produktu gordina.

Pekingo finantza auzoa, gaur. WU HONG / EFE
Iker Aranburu.
2020ko apirilaren 17a
11:54
Entzun

Atzeraldi Handiak lortu ez zuena lortu du Itxialdi Handiak: Txinako ekonomia uzkurtzea. Urteko lehen hiru hilabeteetan %6,8 txikitu da barne produktu gordina, 2019ko azkenekoarekin alderatuz gero. Lehen aldia da halakorik gertatzen dela azken 40 urteetan.

Txinako Gobernua 1992an hasi zen hiruhileko bakoitzeko datu makroekonomikoak argitaratzen, eta orain arte inoiz ez du datu negatiborik eman. Nolanahi ere, aitortu izan du 1976an atzera egin zuela ekonomiak.

Txinan izan zuen sorburua koronabirusak, eta han hartu zituzten lehen neurriak epidemia geratzeko. Hubei probintzia osoa itxi zuten urtarrilaren amaieran, eta gainontzekoetan ere asko jaitsi zuten jarduera ekonomikoa. Otsailaren erdialdera hasi ziren industria batzuk martxan jartzen, baina oso prozesu geldoa izan da, eta martxora arte ez du erritmoa berreskuratu, noiz eta konfinamendua gainontzeko herrialdeetara hedatu denean.

Datu ofizialen arabera, urteko lehen hiruhilekoan %16 txikitu da inbertsioa, eta maila horretan ere kontsumo ondasunen salmenta ere. Langabezia handitu egin da, baina ez asko: urtarrilaren amaieran, hirietan %5,3 zeuden lanik gabe, eta martxoaren amaieran, %6,2 ziren.

Nazioarteko Diru Funtsak aste honetan iragarri duenez, Txina izango da Indiarekin batera aurten atzeraldiari izkin egin ahal izango dioten herrialde bakarrenetariko bat. NDFk uste du %1,2 haziko dela, kopuru oso apala Txinarentzat; 2021ean, berriz, %9,2 haziko litzateke. 

Hazkundea sustatzeko zenbait neurri hartu ditu Pekingo gobernuak. 200.000 milioi eurotik gorako zerga jaitsierak egitea erabaki du, eta likidezia eman die bankuei, behar beste mailegu eman diezaieten larri dabiltzan enpresei. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.