EAJk arlo ekonomikora mugatu nahi du estatuko ituna; Sanchezek bihar hitz egingo du EH Bildurekin

Aitor Estebanek adierazi du «garrantzitsuena» aurrekontuen inguruko akordioa lortzea dela bArnaldo Otegik dio EH Bildu prest dagoela hitz egiteko, baina Moncloako Ituna errefusatu du.

Aitor Esteban EAJko diputatua, gaur arratsaldean, Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuarekin hizketan.
enekoitz esnaola
2020ko apirilaren 16a
20:01
Entzun

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak koronabirusaren krisiari eta haren ondorioz datorrenari aurre egiteko estatuaren «berreraikuntza sozial eta ekonomikorako» mahai bat sortu nahi du eragileekin, eta hasi du horretarako bilera saila Kongresuko taldeekin, baina EAJk iragarri du berak alor ekonomikora mugatu nahi duela horrelako akordio bat. EH Bilduk azaldu du «prest» dagoela hitz egiteko, baina gogorarazi du «Moncloako Itunak herri honi onurarik» ez ziola ekarri lehen.

«Garrantzitsuena aurrekontuen inguruko akordioa lortzea da», esan du goizean Aitor Esteban EAJko diputatuak Euskadi Irratian. Arratsaldean antzekoa adierazi du, Sanchezekin modu telematikoan hitz egin ondoren. Jeltzalearen esanetan, osasun krisiaren ostean «helburu nagusia ekonomiaren berroneratzea eta enpleguari eusteko ahalegintzea» izango da. «Hori da gobernuak abian jarri nahi duen alderdien mahaiaren zeregin nagusia». Estebanek esan du mahai horrek eta alarma egoerak ezin dituztela autonomien eskumenak ordezkatu edo bereganatu «eta, bereziki, Euskadiko autogobernua. Ezinbesteko gertatzen da erakundeen arteko lankidetza sustatzea». Haren iritzian, Madrilek ezin du egoera baliatu «birzentralizaziorako».

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak ETB1en deitoratu egin du Moncloako Ituna, «termino politikoetan eta ekonomikoetan» Euskal Herriaren kalterako izan zelakoan, eta nabarmendu du Espainiako Estatuaren «berreraikuntza beste balio batzuen gainean» egin behar dela. «Sanchezek argitu behar du zer egin nahi duen. Gobernua kanporatu nahi duten operazio batzuk daude, Espainiako batasun sakrosantua zaintzeko». Alor sozialari ere garrantzia eman dio Otegik, eta galdetu ea krisiaren «faktura» langileek ordainduko duten.

Sanchez bihar hitz egingo du EH Bildurekin, 12:30ean, Mertxe Aizpurua Kongresuko eledunarekin. Martxoaren 16an ere mintzatu ziren biak, Sanchezek alarma egoera ezarri ostean egindako lehen bilera sail telematikoan (ordukoa da argazkia). Espainiako gobernuburu batekin Amaiur-EH Bilduk egindako lehen bilera izan zen.

JxCatek ohartarazi du ez duela onartuko «estatu autonomikoa birfundatu» nahi duen itunik. BNGk Espainiako eskuina baztertzeko eskatu dio gobernuari. PP eta C’s baldintza asko jartzen ari dira akordio baterako. Mas Paisek eta Compromisek neurri fiskalak galdegin dituzte ituna lortzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.