Koronabirusa

Autonomoentzako 2.200 eta 700 euroko laguntzak onartu ditu Nafarroako Gobernuak

Foru erkidegoan, oraintxe bertan 47.000 autonomok dute izena emanda Gizarte Segurantzan, eta gaur onartutako laguntza nagusia emango zaie Espainiako Gobernuak martxoaren 17ko dekretuan jarduera eten izanagatik saria aitortu zaien sektoreei

Manu Aierdi Garapen Ekonomikoko kontseilaria gaurko agerraldian, COVID-19 gainditu ostean. NAFARROAKO GOBERNUA
joxerra senar
2020ko apirilaren 15a
13:25
Entzun

Konfinamendua ezarri zenetik hilabetera, Nafarroako Gobernuak hirugarren neurri sorta onartu du gaur goizean, kontseiluan. Agerraldian, Elma Saiz Ogasun eta Ekonomia kontseilariak eta Manu Aierdi Garapen Ekonomikoko kontseilariak nabarmendu dute laguntza zuzenok «zeharkakotasun handia» izango dutela, 47.000 autonomoek sektore ugaritan lan egiten dutelako. Halaber, gaur onartutako foru dekretuak parlamentu talde guztien babesa dutela aipatu dute biek. «Nafarroako Gobernuak argi du pandemia honetatik guztiok elkarrekin atera behar dugula, eta gizarteak hala espero du: ororen gainetik interes orokorra jartzea», esan du Saizek.

Manu Aierdik positibo eman ostean, lehen aldiz prentsa aurrean izan da, COVID-19 gainditu duenaren adierazle. Hain zuzen ere, bere lehen hitzetan: «Jada osatu naiz, eta sendatuen pelotoi pribilegiatu horretan nago», aipatu du.

Neurriei dagokionez, laguntza nagusia 2.200 eurokoa izango da, eta krisiaren ondorioz «okerren pasatzen ari diren autonomoei» zuzenduko zaie. Hau da, Espainiako Gobernuak martxoaren 17an onartutako errege dekretuaren arabera, jarduera eteteagatik diru saria aitortu zaien autonomoei emango zaie laguntza hori. Baldintza jakin batzuk bete beharko dituzte, hala nola Ogasunarekin zorrik ez izatea, Nafarroan bizitzea eta aurten enpleguaren sustapenerako laguntzarik ez eskatu izana.

Era berean, errentaren araberako baldintzak ezarri dira. Batetik, sendiaren errentak ezin du 540 euroko IPREM errenta baino (urtean 7.520 euro) lau bider handiagoa izan. Muga hori apurka igoko da haur bakoitzeko, sendian 65 urtetik gorako adineko bat egonez gero edo menpekotasuna duen senideren bat edukiz gero.

Laguntza zuzen hori jaso ezin baina krisiak eragin dien autonomoentzat 700 euroko beste laguntza zuzen bat onartu du gobernuak. Kasu horretan, nahiz eta jarduerarekin jarraitu, gutxienez fakturazioaren %30 galdu duten kolektiboek jaso ahalko dute diru hori. Sendiaren errenta gehienez IPREM errenta baino hiru bider handiago bada, 800 euro jaso ahalko dituzte.

Gobernuak «ordainketa bakarra» egingo du, eta ondorioz osorik banatuko du dirua. Eskaera egiteko epea konfinamendua amaitzen den hilabetearen azken egunean egin ahal izango da telematikoki. Ezarritako baldintzez gain, behartu egingo dira onuradunak gutxienez hamabi hilabetez Gizarte Segurantzan autonomo gisa izena emanda izatera. Laguntzok Europako Batasunak, Espainiako Gobernuak edo beste administrazio batek ezarritakoekin bateragarriak izango dira. Ez dute aurreratu kostua, baina «garrantzitsua» izango dela nabarmendu du Aierdik.

Ez da autonomoetzat ezarri duen lehen neurria. Aurretik, urtarriletik ekainera arte errenta zerga eten die gobernuak.

Aurreikuspen ekonomiko ezkorrak

Atzo, Nazioarteko Diru Funtsak munduko ekonomia %3 uzkurtuko dela iragarri ostean, Nafarroako Gobernuak bere zifrak eman ditu. Elma Saizek aipatu du egoerari tentuz erreparatzen ari direla. Urteko bigarren seihilekoari begira, onartu du ez dakitela V edo U itxura hartuko duen; hots, ekainetik aurrera jarduera berreskuratuko bada, BPGk %3,8 egingo du atzera, edo atzeraldiak bere horretan jarraituz gero, %4,7. Oso ezkor mintzatu da martxotik ekainera arteko datuez: «Kolpea oso gogorra izango da. BPGa %9 inguru eror daiteke».

Jaurlaritzaren laguntzak bihartik aurrera

Bihartik aurrera, diru sarrerarik gabe geratu diren autonomoek eta krisiak bete-betean eragin dien enpresa txiki eta ertainek Eusko Jaurlaritzaren laguntzak eskatu ahalko dituzte. Enpresa txikien kasuan, Bideratu programaren bidez egituratuko dira laguntzak, eta haiek jasotzeko baldintzak gaur kaleratu dira EAEko aldizkari ofizialean. Programak 20 milioi euroko aurrekontua du, printzipioz ez da kopurua handituko, eta eskaera iristen den ordenaren arabera banatuko da laguntza.

Autonomoen laguntzak Lanbideren bitartez kudeatuko dira. Gehienez, autonomo bakoitzeko 3.000 euro banatuko dira. Programak hiru milioi euroko aurrekontua du.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.