«Erabaki gogorra da, asko kostatu zaigu hartzea, eta bide guztietatik saihesten ahalegindu garen arren, egungo egoerak ez digu beste aukerarik utzi. Leioa udalerri arduratsua da, eta beste ezeren gainetik pertsonen segurtasuna dago», adierazi du Iban Rodriguez Etxebarria alkateak. Umore azokaren webgunean bertan eman ditu udalak azoka bertan behera uzteko arrazoiak.
Hogei alditan jarraian egin ondoren, ekitaldi honen historian bertan behera utzi behar izan den lehen aldia da. «Aztertu ditugun aukera posible guztien artean, hau gogorrena baina errealena da. Jasaten ari garen pandemiaren eta ondorengo eraginen inguruko zalantzak ikusita, ezinezkoa da aurreko urteetako bermeekin eta eraginkortasunarekin egitea», adierazi du Umore Azokaren antolakuntzak.
Leioako Udaleko Kultura Sailak gogorarazi duenez, martxoaren erdialdetik indarrean dauden neurriek aurretik ere eragina izan dute konpainien mugikortasunean eta prestakuntza lanetan. «25 estreinaldi zeuden aurreikusita, eta konpainiek zailtasun handiak izan dituzte euren sorkuntza lan berriak aurkezteko. Gainera, horietako askok behar logistikoak zituzten, estrukturak, eszenografiak, entseguak eta abar, eta une honetan horiek guztiak kudeatzea oso zaila zen».
Abagune horiei guztiei, ekitaldiaren antolakuntzarentzat oinarrizkoak diren zenbait zerbitzuren egoera nahasia gehitu behar zaio: ostatuak, jatetxeak, estrukturak… «Horiek guztiak ezinbestekoak dira azokak behar bezala funtzionatzeko, eta une honetan ez dira erabilgarriak».
«Kalean egiten den antzerkiaren oihalak altxatuko ditugu, are eta ilusio handiagoarekin, artistekin gozatzeko, eta berriro elkartuko gara... Umore Azoka Leioa —XXI— 2021ean».