Enpresetan beharrera itzultzeko eguna grebara itzultzekoa izan da Asteasuko (Gipuzkoa) Siemens Gamesaren lantegian. Erreleboko beharginak greba mugagabean dira martxoaren 9tik, lan hitzarmena berritzeko saioan. Koronabirusa dela eta, langileek lanuztea utzi zuten, Espainiako Gobernuak indarrean jarri zuen industria jardueraren debekuak iraun duen egunetan, eta, egoera berean egon diren milaka beharginen antzera, baimen berezi batekin egon dira, egunak itzultzeko konpromisoa hartuta.
Debekua bukatu da, ordea, eta gaur da beharrera itzultzeko eguna euskal enpresa askotan, Aste Santuko jai egunak bukatuta. Bada, Asteasuko erreleboko langileek batzarra egin dute gaur goizean, eta, zuzendaritzaren jarrera "are gogorragoa" dela ikusi dutenez, greba mugagabearekin jarraitzea deliberatu dute. Beraz, lanera ez, grebara itzultzeko eguna izan dute Siemens Gamesako dozenaka langilek Asteasuko plantan.
Birus osteko lehen greba erabakia
2018an amaitu zen enpresako hitzarmena Asteasun, eta berritzeak ekarri du lan gatazka. Soldatak eguneratzeaz gain —izoztuta daude—, azken urteetan lantegiaren barruan sortu diren langileen arteko "diskriminazioak" eta soldata arrakala txikitzeko neurriak nahi dituzte sindikatuek. Koronabirusak erdiz erdi eten du protesta, baina, geroak ekar dezakeen ziurgabetasunaren erdian, beharginek lanuztearekin aurrera egitea erabaki dute. Beraz, koronabirusaren osteko aroan, Asteasuko langileena greba mugagabe bati ekiteko lehen erabakia bihurtu da, euskal enpresei dagokienez.