Zinema

Sarah Maldoror zinemagilea hil da

Zinema afrikarraren aitzindaria izan dena atzo zendu zen, koronabirusaren ondorioz, 90 urte zituela. 

Sarah Maldoror zinemagilea, artxiboko argazki batean. SARAH MALDOROREN ARTXIBOA
aitor biain
2020ko apirilaren 14a
12:52
Entzun

Kontinente oso baten ikurra izan zen Sarah Maldonor. Afrikako lehen zinemagile handitzat hartu izan dute askok, aurrenetarikoa izan baitzen kolonizazioaz, esklabotzaz, iraultzaz edo feminismoaz hitz egiten. Bere egin zuen erabat XX. mendearen hasieran Aimé Césaire, Leopold Senghor eta Leon G. Damas idazleek sortutako Négritude mugimendua, eta ardatz horren bueltan filmatu zituen ia berrogei pelikula.

Sarah Durados jaiotzez, literaturatik hartu zuen izen artistikoa, Maldoror, Lautreamont poetaren Chants de Maldoror lanetik. Okzitaniako Condom herrian jaio bazen ere, 1938an, gurasoak Guadalupekoak zituen. Koronabirusaren gaitzaren ondorioz hil da bart, 90 urte zituela.

Hasi, antzerkigintzan hasi zen Maldoror. Aktorea izan zen, eta Les Griots taldea sortu zuen 1956an, Parisen, beste aktore afrikar batzuekin. Beka bati esker, Moskura joan zen zinemagintza ikasketak egitera. Bertan ezagutu zuen Ousmane Sembene zinemagile senegaldarra. Hark bezala, Maldonorrek ere zinema «iraultza tresnatzat» zuen, eta «kontzientziak eraldatzeko hezkuntza» gisara zituen filmak. Gizartean aldaketa sakonak sustatzeko «pentsamendua deskolonizatu» beharraz hitz egiten zuen zinemagileak. «Nire arbasoak esklaboak izan ziren. Nork kontatuko du hobeto Afrikako historia guk geuk baino?», errepikatzen zuen elkarrizketetan. 

Dimentsio politikoak eragin nabarmena izan zuen haren lanetan. Horren adibide da, esaterako, Afrikako askapen mugimenduen borrokaren aitzindariekin bat egin izana Ginean, Aljerian eta Ginea Bissaun. Haren bikotekide Mario de Andrade olerkari eta politikari angolarra izan zuen bidelagun. Bi alaba izan zituzten. 

Gillo Pontecorvo zinemagile italiarraren La battaglia di Algeri (Aljeriako Gudua, 1966) filmean egin zuen lan. Esperientzia hark nabarmen eragin zuen haren ibilbidean, eta, hain zuzen, bi urte geroago bertan filmatu zuen bere lehen lana: Monangambee (1968). Jose Luandino Vieira politikari eta idazle angolarraren bizitzan oinarritutako hogei minutuko filma da, zuri beltzean, eta aktore ez-profesionalekin filmatua. Haren lehen lan luzea ere, Sambizanga (1972), Vieiraren bizitzan oinarritutakoa da.

2011n Frantziako Merezimenduaren Ordena Nazionalaren saria jaso zuen. «Errebeldea», «bidegabekerien aurkako borrokalaria» eta «humanista argia» izatea eskertu zion orduan Frederic Mitterrand kultura ministroak.  
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.