IMMIGRAZIOA

'Aita Mari' itsasontziak 47 migratzaile erreskatatu ditu Erdialdeko Mediterraneoan

Maltak helikopteroz bidalitako mediku batek etorkinen osasuna ebaluatu du

MIgratzaile bat 'Aita Mari' ontzian, artxiboko argazki batean. PABL0 GARCIA
Igor Susaeta.
2020ko apirilaren 13a
12:23
Entzun

Itsas Salbamendu Humanitarioa GKE gobernuz kanpoko erakundearen Aita Mari ontziak 47 migratzaile erreskatatu ditu Erdialdeko Mediterraneoan, Maltako uretatik gertu. Ontziaren eskifaiako kideen artean ez dago osasun arloko langilerik, zeren, igande goizean Siziliatik (Italia) Pasaiarako (Gipuzkoa) bidea hartu zuenean "gutxieneko eskifaiarekin", COVID-19aren krisia dela-eta Italiako ezarritako debekuarengatik erreskaterik egiteko asmorik gabe abiatu baitzen ontzia, Daniel Rivas GKEaren kidearen esanetan. Horrenbestez, Maltako Gobernuak mediku bat bidali du, helikopteroz, ontziaren posiziora —kostaldetik 50-70 bat itsas miliara dago—, eta hark ebaluatu du erreskatatutakoen osasuna.

GKEkoek ura, janaria eta salbamendu jakak eman ahal izan dizkiete ontzian doazenei, haien segurtasuna bermatu ahal izateko. 47 pertsona daude barruan. Lau gau igaro dituzte itsasoan, sei korderik gabe zeuden topatu dituztenean, eta emakumezko bat haurdun dago.

Aita Mari ontzia Siracusan (Italia) zegoen porturatuta, eta atzo bertan erabaki zuen Pasaiarako (Gipuzkoa) bidea hartzea. COVID-19 gaitzak eragindako krisia igaro bitartean ontziaren mantentze lanak egiteko baliatu nahi zituzten hurrengo asteak. Baina Alarm Phone migratzaileentzako laguntza zerbitzuak jakinarazi zien lau ontzi zeudela Maltaren bilaketa eta erreskate eremuan, eta norabidea harantz desbideratu zuen Aita Mari-k.

Frontex misioaren arabera, ontzietako bat irauli egin da. Baieztatzeko dago 85 bat errefuxiatu zeramatzan ontzia ote den. Alarme Phonek jakinarazi du hirugarren ontzi batek 55 migratzaile daramatzala. 47 errefuxiatu zeramatzan ontzia erreskatatu ondoren, Aita Mari-k ez daki zer egingo duen: edo 55 daramatzan ontziaren bila abiatu —galduta dago—, edo erreskatatu dituenekin Maltan porturatu. Maltako Gobernuak erabakiko du.

Azken 24 orduetan, ia 200 migratzaile berenkabuz heldu dira Siziliara (Italia)

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.