994 pertsona hil dira koronabirusarekin Euskal Herrian, 45 azken orduetan

Beste 481 lagunek eman dute positibo, eta, guztira, 14.357 kutsatu daude Euskal Herrian

Iruñeko Gaztelu plaza hutsik konfinamedu egun batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2020ko apirilaren 11
14:21
Entzun

Igotzen jarraitzen dute koronabirusarekin kutsatutakoen eta hildakoen kopuruek. 45 pertsona gehiago hil dira azken orduetan gaitzak jota, eta 994 dira guztira. Kutsatutakoak, berriz, 14.357 dira, eta horietako 481 berriak dira. Ospitaleratuen kopurua da zenbaki baikorretako bat. Izan ere, atzo 1.892 gaixo zeuden ospitalean, eta gaur 1.833, hau da, 59 gutxiago.

Lurralde bakoitzari erreparatuta, Bizkaian daude kutsatu gehienak. Hain zuzen, 5.651 laguni erasan die gaitzak –bezperan baino 259 gehiagori–, eta horietako 893 daude ospitalean. Nafarroan 3.817 kasu daude (+69), horietako 1.641 ospitalean. Araban, berriz, 2.990 pertsona (+82) kutsatu ditu COVID-19ak, eta horietako 219 ospitaleratu behar izan dituzte. Kasu gutxiago daude Gipuzkoan: 1.874 pertsonak eman dute positibo (+71), eta horietako 269 ospitaleratu dituzte. Ipar Euskal Herriko datuak, aldiz, ez dira oso zehatzak, baina gutxienez 21 pertsona kutsatu dira Lapurdin eta bina Zuberoan eta Nafarroa Beherean.

Gorabeherak izaten ari da kutsatu berrien kopurua azken egunetan. Ostegunetik, iragarritako gaixo berrien kopurua pixka bat igotzen ari da: 462 izan ziren ostegunean, 470 atzo eta 481 gaur. Martxoaren 26an erregistratu zen kutsatu berrien kopururik handiena (994).

Heriotza gehienak ere Bizkaian izan dira; hain zuzen, 394 –atzo baino 17 gehiago–. 254 pertsona hil dira Araban (+9), 227 Nafarroan (+9), 117 Gipuzkoan (+10), bat Lapurdin eta zuberotar bat Paueko ospitalean (Akitania).

Egunero bezala, datuak azaltzeko prentsaurrekoak egin dituzte Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak. Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak ziurtatu du «joera aldaketa» dagoela datuetan. «Proba gehiago egiten ditugu, eta logikoa da kasu gehiago baieztatzea», erantsi du. Esaterako, atzo 1.498 proba egin zituztela esan du, eta %24k eman zutela positibo. Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburua ere agerraldian egon da. Azaldu du martxoan eta apirilaren hasieran heren batera jaitsi direla salaketak, eta etxeko indarkeria eta genero indarkeria salaketek ez dutela gora egin. Horretan zerikusia izan dezaketela esan du etxekoen eta bizilagunen elkartasunak, baina baita biktimak salaketa jartzeko izan ditzakeen zailtasunek ere. Horren aurrean, Ertzaintza telefono deien eta bisiten bidez jarraipen berezia egiten ari dela nabarmendu du.

Santos Indurain Nafarroako Osasun kontseilaria ere baikor agertu da. «Datuek erakusten dute bide onetik goazela». Egungo fasea «oso garrantzitsua» dela nabarmendu du, eta bidea orain arteko «zorroztasunarekin, zuhurtziarekin, lasaitasunarekin eta ardurarekin» egin behar dela. Koronabirusa atzemateko probei buruz ere aritu da Indurain. Esan du test azkarrak jaso zituztenetik 29 egin dituztela, eta zortzik eman dutela positibo. Horiek PCR probak «osatzeko eta indartzeko» erabiltzen direla azaldu du.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.