Koronabirusak hil du bart Enrique Mugika Herzog, azken mende erdian PSOE-EEk eduki duten buruzagirik nabarmenetako bat. Donostian jaio zen, eta 14 urterekin ohartu zen jatorri juduko familia bateko kidea zela. Krakovian (Polonia) jaiotako aitona-amonak zituen, eta askotan ikusten zituen aitona eta ama berak ulertzen ez zuen hizkuntza bat hitz egiten. Poloniera zelakoan, halako batean jakin zuen yiddish zela bere etxeko helduek zerabilten hizkuntza, etxeko txikienek zertaz ari ziren hizketan jakin ez zezaten ere erabiltzen zutena. 1996ko otsailean, ETAk Fernando anaia hil zuen Donostian, PSOEko, PPko eta UPNko buruzagi politikoen aurkako kanpainan.
Mugikak bultzatuta hasi zituen Espainiak harreman diplomatikoak Israelgo Estuarekin. Mugikak gure herrian horrenbeste borrokatu zuen terrorismoaren ondorioz sortu zuten 1948an Israelgo Estatua. Estatuaren osaketa hori ezin da ulertu Israelgo talde terroristen esku hartzerik gabe: 1946an, Eztel talde armatuak King David hotel britainiarra suntsitu zuen Jerusalemen, britainiarren agintaritza politikoa eta militarraren egoitza nagusia zena; 91 hildako izan ziren. Atentatu horrek azkartu egin zuen britainiarren irteera lur haietatik, eta ondorio zuzenez, Israelgo Estatua sortzea. Eztel, Irgun, Leji… ziren erakunde terrorista haiek. Moshe Dayan, Mejamen Beguin, Golda Meir… Israelgo Estatu berriaren ardura gorenak eduki zituzten buruzagi politiko horiek, eta beste asko, talde terroristetako buruzagi izan ziren.
Espainiak ez zuen urte askotan ofizialki onartu Israelgo Estatua, 1948an sortu zenetik. Franco diktadoreak «nazioarteko konspirazio judu-masoniko-komunistagatik». Baina ezta demokrazia garaiko lehen bi presidenteek ere, Adolfo Suarezek eta Leopoldo Calvo Sotelok. 1982an gobernura iritsi zen Felipe Gonzalezen gobernu batek onartu zuen Israelgo Estatua, palestinarren atsekaberako. 1986ko urtarrila zen. Enrique Mugikak betea ikusi zuen bere ametsa. Gonzalezek ez zuen, espero zitekeenez, izendatu Espainiako enbaxadore Israelen. Justizia ministro izendatu zuen 1988an, euskal preso politikoen zoritxarrerako.
Mugika Justizia Ministeriora iritsi zenean, euskal preso politiko gehienak Madrilgo hiru kartzelatan zeuden bilduta: Alcala Meco, Herrera eta Carabanchel. Espainiako Gobernua abiatua zeukan birgizarteratze politika: alegia, ETArengandik urruntzeko prest zeuden presoek espetxe onurak edukiko zituzten, eta kalera ateratzeko aukera zigorra bete baino lehenago. Bi kartzela horietako presoen kolektiboan esku gogorrez agindu eta proposamen horren aurka zeuden presoek beste presoei gobernuaren eskaintzaren aldeko erabakia nahiko askatasunez hartzen uzten ez zietela argudiatuta, presoen urrunketa politika abiatu zuen Mugikak. 1987an eta 1988an aurreneko mugimendu bakanagoak, eta erabat orokortuta 1989ko maiatzetik aurrera. Espainiako gobernuaren asmoari muzin egin zioten presoak urrutiko presondegietara bidaltzen hasi ziren, Espainiako hegoaldeko, Ceuta, Melilla eta Kanarietakoetara. Mugikak argudiatu zuen "inposizio" hura konpon zitekeen preso "inposatzaileak" eta besteak sakabanatuta; kartzela berean modulu eta ordutegi desberdinetan. Edo batzuk kartzela batean, eta besteak besteetan. Ez, derrigorrez, etxetik urrun. Urrunketak barruan zeraman zigorraren alde egin zuen Mugikak. Urrunketa erabaki politikoa izan zen, ez judiziala; urrunketa ez dagoelako ez zigor kodean ezta ere auzitegietako sententzietan. Zigorra presoarentzat, eta senide, abokatu eta lagunentzat. Bidai luzeetan hildakoak dira politika horren argazkia. Denborak esango du inhumanoa izateaz gain, delitua ere izan ote zen. Mugikak behin baino gehiagotan esan duenez, EAJren laguntzarekin eta babes "oparoarekin".
Lleidan (Herrialde Katalanak) egindako bazkari konspiratiboa da Mugikari beti itzala egingo dion gertakizuna. Probintzia horretako gobernadore militar Alfonso Armada jeneralarekin egin zuten bazkaria hainbat buruzagi politikok, erabat argitu gabe dauden arrazoiengatik. Hala ere, nahiko kontsentsu badago historialari askoren artean, esateko buruzagi politiko horiek tenperatura hartu ziotela bazkari hartan Armada jeneralari kontzentrazio gobernu bat osatzeko, bera buru, behin Espainiako erregeak Aldolfo Suarez kargugabetu eta gero. ETAk orduan paretaren kontra zeukan estatua –urtero ia 100 pertsona hiltzen zituen--, eta sendotasuna erakutsiko zuen gobernua behar zen Espainian. Mugikaren inguruak beti esan du bazkari haren helburu bakarra izan zela orduan parlamentuko Defentsa batzordeburu zena, Mugika bera, Lleidan zegoela eta Lleidako gobernadore militar izendatu berria ezagutzea. Bazkari hori eta lau hilabetetara, 1981eko otsailaren 23ko (ustezko) estatu kolpearen buruzagietako bat izan zen Armada jenerala. Bere proposamena negoziazioetan izan zen alderdi nagusietako zibilez osatutako gobernuburua izatea. Urte berean egindako epaiketan, 30 urteko kartzela zigorra ezarri zioten, eta handik 5 urtetara Felipe Gonzalezen gobernuak indultua eman zion osasun arrazoiak eta Espainiako Konstituzioa onartu zuela argudiatuz.
Mugika oso kritiko izan zen Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidentearekin, bi auzitan bereziki. Kataluniako autonomia estatutu berriarekin, eta ETArekin edukitako negoziazioarekin. Mugika Espainiako ararteko izendatu zuten 2000an, eta Espainiako Auzitegi Konstituzionalera eraman zuen Kataluniak 2006an onartu zuen estatutu berria. Historiara pasatuko da PPk eraman zuela estatutu hori Konstituzionalera, baina komeni da ez ahaztea Mugikak ere eraman zuela, arartekoa zela, kargu horretarako izendatu zuten arte bere alderdiaren iritziaren aurka.
2011n bukatu zuen ETAk jardun armatua. Euskal preso politikoek urrunduta segitzen dute, Mugikak urrundu zituenetik.