Koronabirusak eragindako larrialdiari aurre egiteko estrategiari dagokionez, Suedia salbuespena izan da. Konfinamendurik ez dute agindu han, eta tartea gordetzeko gomendioa baino ez diete egin herritarrei. Erresuma Batuak ere antzeko estrategia bat izan zuen hasieran, baina gero aldatu egin zuten izurria zabaltzen ari zela ikusi baitzuten. Gaur, jokabidea aldatzeko prestatzen ari ote den galdetzeko moduko zantzu bat eman du Suediako Gobernuak. Larrialdi lege bat adostu du oposizioarekin, neurri gogorragoak berehala hartu ahal izateko.
Legea ekainaren amaierara arte egongo da indarrean. Tabernak, jatetxeak, saltoki handiak edo kaiak ixteko aukera emango diote gobernuari, legebiltzarraren baimenik gabe. Edonola ere, itunaren arabera, indarrean jarriz gero, legebiltzarrean bozkatu beharko dira egun gutxiren buruan.
Suediak ez ditu herritarrak konfinatu, baizik eta arrisku taldeak, eta erantzukizuna eskatu die herritarrei. Eskolak eta tabernak zabalik daude han.
Baina azken astean ugarituz joan dira kasu diagnostikatuak eta hildakoak, inguruko herrialdeetan baino gehiago, gainera. Denera, 7.693 pertsonari diagnostikatu diete COVID-19 gaitza Suedian, eta, dagoeneko, 591 hil dira, astelehenean baino %24 gehiago.