Carlos Itoiz gitarrista hil da

Flamenkoaren aitzindari nafarra mundu osoko aretoetan aritu zen, musikari handi askorekin batera. Mikel Laboari ere lagundu zion kontzertu eta diskoetan.

Carlos Itoiz, 1960ko hamarkadan. BERRIA
Ane Eslava.
2020ko apirilaren 7a
18:24
Entzun

Nafarroako flamenko musikari garrantzitsuenetako bat izan da Carlos Itoiz Agirre (Iruñea, 1932), eta bidea ireki die beste askori. Ez zetorren musikari familia batetik, baina 7 urterekin hartu zuen gitarra lehenbizikoz, eta bere kabuz hasi zen ikasten. Flamenkoan espezializatu zen, Agustin Castellon Sabicas eta Mario Escudero herrikideek eraginda.

Hamazazpi urte baino ez zituela, gitarra bizibide izaten saiatzea erabaki zuen, eta Parisera joan zen horretarako. 1960ko hamarkadatik aurrera, flamenkoak mundu osora eraman zuen Itoiz, eta hainbat herrialdetako areto ospetsuenetan jo zuen: Errusian, Japonian, Libanon… Niño Ricardo eta Enrique de Melchor gitarra jotzaile ospetsuekin eta Paco de Ronda eta Cristina Hoyos flamenko dantzariekin aritu zen, besteak beste.

Hainbat disko grabatu zituen bakarka; lehena, Japonian, 1966an. Denbora luzea igaro zuen herrialde horretan, eta pasaportea eta lan baimena ere lortu zituen. 1971n, ordea, Iruñera itzultzea erabaki zuen.

Euskal Herrian zehar ere zabaldu zuen flamenkoa, batik bat Mikel Laboari kontzertu ugaritan lagundu ziolako. Haren Sei (1985) eta Hamalau (1994) diskoetan eta Zuzenean (1997) zuzenekoan parte hartu zuen, bai eta haren azkenekoan ere: Xoriek 17 (2005).

Maisuen maisu

Itoiz maisu garrantzitsua izan da nafar musikarien hurrengo belaunaldientzat. Haren ikasle izan dira bai flamenko eta bai jazz musikariak —Javier Colina kontrabaxua eta Javier Ruz gitarrista, kasurako—, baita rock taldekoak ere, hala nola Barricada eta Tahures Zurdosekoak. Baina ospetik at mantendu da bere ibilbidean; fokuak saihestu ditu.

2018an, Flamenco on Fire jaialdiak bere ibilbide luzea eskertu zion, Iruñeko udaletxeko balkoian egindako omenaldi batean, Pepe Habichuelaren eskutik.

Duela aste batzuk, Iruñeko San Joan Jainkoarena ospitalean sartu zuten gitarrista, narriadura kognitiboan okerrera egin ondoren, eta haren osasunak okerrera egin zuen azken egunetan. Atzo gauerdian zendu zen, 87 urterekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.