Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroa ospitaleratu egin zuten atzo gauean, koronabirusagatik probak egiteko. Agintariak positibo eman zuen duela hamar egun, eta, harrez geroztik, bakartuta zegoen Downing Streeteko erresidentzian. Haren osasunak hobera egin ez duenez, ospitale batera eramatea erabaki zuten medikuek.
Gobernuaren arabera, asmoa da Johnson egun bakar bat egotea ospitalean. «Gaua ospitalean pasatu du, eta, noski, denok espero dugu proba horien ostean gai izango dela Downing Streetera itzultzeko ahalik eta azkarren», adierazi du Robert Jenrick Etxebizitza ministroak gaur goizean, BBC katean. Hori bai, ez zuen baztertu lehen ministroak espero baino egun gehiago pasatu behar izatea ospitalean.
Iragan martxoaren 27an, Johnsonek berak jakinarazi zuen positibo eman zuela, sare sozialetara igotako bideo batean.
Over the last 24 hours I have developed mild symptoms and tested positive for coronavirus.
— Boris Johnson #StayHomeSaveLives (@BorisJohnson) March 27, 2020
I am now self-isolating, but I will continue to lead the government’s response via video-conference as we fight this virus.
Together we will beat this. #StayHomeSaveLivespic.twitter.com/9Te6aFP0Ri
Osasun Ministerioak publiko egindako azken datuen arabera, Erresuma Batuan 4.903 lagun hil dira, horietako 621 atzo, eta 47.806 kutsatuta daude. Orotara, 195.524 proba egin dituzte.
Varadkar, mediku
Irlandako Errepublikan, Leo Varadkar lehen ministroak berriz aktibatu du bere mediku lizentzia, eta astean behin Dublingo ospitale batean arituko da lanean. Agintariak sei urtez egin zuen lan mediku gisara, baina, 2013an, Osasun ministro kargua hartu baino urtebete lehenago, bertan behera utzi zuen bere lizentzia.
Oraingoz, Varadkarrek telefono bidezko ebaluazio lana egingo du, ustez sintomak dituzten herritarrei koronabirusa duten zehazten laguntzeko.