Zaldibarko zabortegian bilaketa lanak egiten ari den taldeak Alberto Sololuzeren ibilgailua aurkitu zuen atzo arratsaldean, hondakinen artean. Ertzaintzak adierazi du, ordea, autoa aurkitu arren, ez dutela aurkitu gorpuzkirik. Gaur bi hilabete bete dira zabortegia amildu, eta Sololuze eta Joaquin Beltran desagertu zirela.
Bilaketa taldeak baskula zegoen eremutik (B1) hasi zituzten lanak. Eremu hura lau zatitan banatu zuten, eta horietako bitan amaitu dituzte hondeaketa lanak. Horien azpian dagoen gunean (B2) ere hasi dute bilaketa, eta hor aurkitu zuten atzo Sololuzeren autoa. Hura zabortegiaren sarreran aparkatuta zegoen, baskularen eta etxolaren alboan —biak amildu ziren—. Beltranen ibilgailua, aldiz, zabortegiaren ondoko baserritik gertu dagoen eremuan (B4) topatu zuten, ezbeharra gertatu zen egun berean.
Otsailaren 6an amildu zen Verter Recycling enpresaren hondakindegia. Amiltze hark Sololuze eta Beltran desagerrarazi zituen, eta 50.000 lagun ingururen konfinamendua eragin. Egunean bertan hasi ziren bi langileak erreskatatzeko bilaketa lanak, baina gorabehera asko izan dituzte. Besteak beste, luizi gehiago egoteko arriskuak, eremuan amiantoa aurkitu izanak eta hondakinek eragindako suteek lan egiteko modua aldatzera behartu zuten. Joan den martxoaren 14an, Hego Euskal Herrian alarma egoera ezartzearekin batera, lanak mantsotu ziren berriz ere. Hilaren 30ean, ordea, Espainiako Gobernuak baiezkoa eman zion bilaketa lanekin segitzeari, nahiz eta beharrezko jarduerak bertan behera uzteko ere agindu zuen.
Marta Alvarezek ere hitz egin du, Beltranen koinatak, RTVEn. Adierazi du egoera «izugarria eta oso gogorra» dela senideentzat, baina zabortegiko baskula zegoen eremuan hasitako lanek eta autoaren aurkikuntzak «itxaropen handiagoa» eman dietela bi langileak aurkitzeko. Ostiralean argitaratutako elkarrizketa batean, Nahia Sololuzek ere kontatu zuen ez dutela atsedenik hartuko haien gorpuak aurkitu arte: «24 ordu zain gaude; esan dezaket telefonoari adi bizi naizela».
Bide beretik jo du Zaldibar Argitu plataformak ere, «beharrezko baliabide guztiak jarrita» langileak aurkitzea exijituz. Plataforma horrek gaur 20:30ean balkoietatik mobilizatzeko deia egin du. «Burrunba» egiteko eskatu dute, bost minutuz. Ondoren, kandelak eta argiak pizteko deia egin dute, bi langileen omenez. Besteak beste CCOO sindikatuak protestan parte hartzearen aldeko mezu bat zabaldu du, eta adierazi langileak aurkitzea dela lehentasuna. Gaineratu du erantzukizun politikoak ere nork bere gain hartu behar dituela «zabortegiaren kudeaketa eskasagatik».
EH Bilduko legebiltzarkide Mikel Oterok ere argitaratu du Zaldibarko hondakindegiko kasua ez ahaztearen aldeko mezu bat. Nabarmendu du «zauri dezente» daudela irekita ordutik, «oraindik arreta eta dedikazioa merezi dutenak». Koronabirusaren krisiarekin alderatuta, Oterok uste du badirela bietan errepikatzen diren elementuak; besteak beste, administrazio publikoen «erreakzio berantiarrak» eta «akatsak ez aitortzea».