Musika

Luis Eduardo Aute kantautore espainiarra hil da

2016an bihotzekoa izan ondoren, bi hilabetez koman egon zen, eta orduz geroztik erretiratuta zegoen. Al alba, Albanta, Las cuatro y diez, De alguna manera eta beste hainbat kantu ezagunen egilea izan zen.

Luis Eduardo Aute, 2001ean, Santiagon (Galizia) emandako kontzertu batean. X.REY / EFE
mikel lizarralde
2020ko apirilaren 4a
15:12
Entzun

«Fusilatzeen aurreko egunetan idatzi nuen Al alba, urgentzia handiz. Azkarren sortu ditudan kantuetako bat izango da, baina jendeak hura kantatzea nahi nuen. Egia esan, ez nuen askorik pentsatu behar izan; minetik sortu zen». Angel Otaegi eta Juan Paredes Txiki ETAko militanteak hil zituzten 1975eko irailaren 27an, eta Jose Luis Sanchez Bravo, Ramon Garcia Sanz y Humberto Baena FRAPeko kideak Bartzelonan. Egun batzuk lehenago, gerra kontseilu batek heriotzara kondenatu zituen, eta ezinegon giro horretan sortu zuen Luis Eduardo Autek (Manila, 1943) Al alba, ziur aski haren kanturik ezagunena izango zena. Kantautore eta pintore espaniarra gaur eguerdian hil da bere bizileku Madrilgo ospitale batean. 76 urte zituen, eta lau urte zeramatzan erretiratua, 2016an bihotzeko baten ondorioz bi hilabetez koman egon zenetik.

Espainian azken mende erdian sortutako kantautore ezagun eta miretsienetakoa izan da Aute, agian bere bideari segitu izan diolako beti, garaian garaiko modetatik aparte. Frankismoaren azkeneko urteetan egin zituen lehen urratsak kantagintzan —nahiz eta aurretik gitarra jo zuen hainbat taldetan: Los Tigres, Los Pekenikes—, eta hasieratik erakutsi zuen maitasunari kantatu nahi ziola beste ezeren gainetik. Horregatik, protesta kantua modan jarri zenean ere, Autek izkin egin zion ildo edo mugimendu batean kokatzeari, nahiz eta bere kantuetako askotan orduko ezinegon eta kezkak islatzen ziren, erdi ezkutatuta. Al alba bera izan daiteke horren erakusgarri nabarmena, maitasun kantu gisa ere irakur baitaiteke: «Zentsura azkar pasa zezan nahi nuen. Horregatik egituratu nuen maitasun kantu bat bezala, betirako agur baten eta heriotzaren alegatu gisa. Baina badira kantuan exekuzioekin oso lotuta dauden bi elementu». Zentsura igarota, Rosa Leonek grabatu zuen aurrenekoz kantua, eta 1978ra arte ez zuen diskora eramango Autek.

[youtube]https://youtu.be/zSKYWkEYVsQ[/youtube]

Oso gaztetatik izan zuen arteetarako zaletasuna Autek. Manilan jaio zen, baina, 11 urterekin zituela, familia Madrilera mugitu zen, eta Espainiako hiriburuan eman zituen lehen pausoak hala musikan nola pinturan. Lehenengo urte haietan, hain zuzen ere, pinturak eta zinemak erakarri zuten beste ezeren gainetik, eta 18 urte zituenerako eginak zituen erakusketa bat eta zinemarako gidoi bat. Parisera egin zuen ondoren, eta bere herrian aurki ezin zezakeen kultur mundu bat ezagutu zuen han: Jacques Brel eta Georges Brassensen musika, Espainian debekatutako filmak (Lolita), idazle surrealistak (Paul Eluard, Andre Breton)... Urte haietan margolaritzara dedikatu nahi zuen, eta zenbait urtez horretaz bizi ahal izan zuen.

Hamarkadaren erdialdean, ordea, eta Massiel kantariak sustatuta, kantuak idazteari ekin zion. Hala, lehen ekinaldi harekin bost kantu sortu zituen, eta haietako batek (Rosas en el mar) arrakasta handia lortu zuen Massielek abestua. Horrek bultzatuta, Autek Aleluya nº1 kantua grabatu zuen —Massielek ere bere bertsioa egin zuen—, eta izandako oihartzunari esker —mundu osoko artistek egin dituzte kantuaren bertsioak—, RCA zigiluak Auterengan indarra jartzeko bidea ikusi zuen, eta musikariak hainbat kantu solte eta lehen disko luzea argitaratu zituen segidan (Dialogos de Rodrigo y Ximena, 1968). Aute ez zegoen gustura, baina, musika industriaren munduarekin, eta 24 canciones breves lan satirikoa (1968) kaleratu ostean, musika utzi, eta poesian eta zineman zentratu zen.

Jose Manuel Caballero Bonald idazle eta produktoreak akuilatuta, Aute 1973an itzuli zen Rito diskoarekin, Maitasunaren eta Heriotzaren Trilogia deitu zuenaren lehen alearekin. Pianoarekin eta hari moldaketekin lagunduta, Autek bere obsesioak eraman zituen musikara (maitasuna, sexua, bizitza bera), eta bere bi kantu ederrenetakoak ere eman zituen lan horretan: De alguna manera eta Las cuatro y diez. Kantu ezagunak ziren ordurako, Rosa Leonek grabatuak zituelako aurretik. Diskoko azken kantuak, Autotango del cantautor satirikoak, berriz, sarkasmoz begiratzen zion kantautorearen figurari.

[youtube]https://youtu.be/fxuaFYbLJs4[/youtube]

Espuma (1974) eta Sarcofago (1976) diskoetan Rito-n irekitako bideetan sakondu zuen Autek, eta, gainera, batez ere Espuma-n, leku nabarmena utzi zion erotismoari bere kantuetan, sarkasmoa, espresionismoa eta satira alde batera utzi gabe. Nolanahi ere, diskoetxekoek Sarcofago-ri irtenbide komertzial handirik ikusten ez ziotela eta —heriotza du ardatz—, Autek Babel dibertimendua grabatu eta argitaratu zuen urte berean. Lan satiriko eta ironiko horretan, Autek bere begirada zorrotza jartzen zuen gizarteko hainbat sektore eta elementutan: futbola, zezenketak, kontsumismoa...

1978a urte garrantzitsua izan zen Auterentzat. Aurrenekoz Al alba grabatzea erabaki zuen, baina, horretaz gain, Teddy Bautista ekoizlearen esku utzi zuen Albanta diskoaren produkzioa. Eta horrek aldaketa ekarri zion kantariaren musikari, rock kutsua hartu baitzuten lan hartako kantuetako askok. Ez da nolanahiko datua diskoko gitarrista nagusiaren izena: Armando de Castro. Coz bandan jotzen zuen orduan, eta Baron Rojo heavy metal taldea sortuko zuen handik gutxira. Albanta-n daude, nolanahi ere, Auteren kantu ezagun eta aipagarrienetako batzuk: Al alba, Albanta bera, Tiempo al tiempo, A por el mar...

[youtube]https://youtu.be/hrAnVkcHahk[/youtube]

Urte haietan egin zuen lehenengo Kubara bidaia, eta irlan beretzat inportanteak izan ziren bi musikarirekin egin zuen topo, Silvio Rodriguezekin eta Pablo Milanesekin, eta beste trilogia bat abiatu zuen (Maitasun eta bizitza kantuak), De par en par (1979), Alma (1980) eta Fuga (1982) diskoek osatuko zutena. Entre amigos (1983) lagunekin grabatutako zuzeneko diskoak (Silvio Rodriguez, Joan Manuel Serrat, Pablo Milanes), berriz, musikari oso ezaguna bihurtu zuen. Hor hasi zen haren garairik arrakastatsuena, eta 20 canciones de amor y un poema desesperado lanarekin (1986) gailurra ukitu zuen oihartzunari dagokionez. Disko bikoitz horretan bere kantu zahar ugari berriro grabatu zituen soinu modernoagoa lortzeko asmoarekin.  

Handik aurrera, diskoak grabatzen segitu zuen, zorte handiagoarekin edo txikiagoarekin, eta erreferente handi bat izan zen aurrerantzean ere Espainiako kantautoreen artean, nahiz eta beste batzuen oihartzuna harena baino handiagoa izan. Haren itzalaren lekuko, XXI. mendearen hasieran hainbat musikarik omenaldia egin zioten ¡Mira que eres canalla, Aute! diskoan.

Inoiz ez zion uko egin bere ezkerreko konpromisoari, nahiz eta beti utzi zuen bigarren lerroan. Bere azken agerraldietako batean, 2016an Madrilen egindako elkartasun kontzertu batean, oholtzara igo eta jendeak eskatzen zion kantua interpretatu zuen gitarra hutsarekin: Al alba. Kantuaren jatorria zein zen azaldu zuen, eta Europara iristeko borrokatzen diren migratzaileei eskaini zien.

 

 

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.