Helin Bolek turkiarrak 28 urte zituen, eta Grup Yorum folk musika taldeko abeslaria zen. Ibrahim Gokcek kidearekin batera hasi zuen gose greba. Haien eskaerak ziren taldeko zazpi kideren askatasuna, haien aurkako atxilotze aginduen deuseztatzea, eta taldearen kontzertuen debekuaren zein haien entseatzeko tokiaren, Idil kultur gunearen, aurkako sarekaden amaiera.
«Ez zein hain zaila eskaera horiek betetzea. Justizia eta Garapena alderdiaren faxismoak haren heriotza eragin du», salatu du taldeak berak Twitter bidez, Recep Tayyip Erdogan presidentearen alderdiari erreferentzia eginez. Gokcekek ere bat egin du salaketarekin, bideo bidez: «28 urteko neska bat hil duzue», adierazi du.
Grup Yorum taldea 1985ean sortu zuten, Istanbulen. Ordutik, taldearen osaketa aldatuz joan da etengabe: dozenaka lagunek osatu dute. Euren letren mezu sozialista eta antiinperialistengatik nabarmendu dira, bai eta folklore kurdu eta turkiarra konbinatzeagatik ere. 1990eko hamarkadan egin ziren bereziki ezagun.
Etenik gabeko errepresioa
Hasieratik, jazarpen politikoa pairatu dute, eta 2016tik, 30 bat kide atxilotu dituzte, eta poliziak hamar aldiz esku hartu du entseatzen duten kultur gunean. Izan ere, Turkiako Gobernuak dio taldeak lotura duela «erakunde terroristatzat» duen DHKP-C Askapen Nazionalerako Alderdi-Fronte Iraultzailearekin.
Iragan martxoaren 11n, indarrez ospitaleratu zituzten Bolek eta Gokcek, baina haiek uko egin zioten tratamenduari, eta astebete geroago alta eman zieten.
Milaka lagunek doluminak adierazi dituzte sare sozialetan abeslariaren heriotzarengatik, eta Turkiako Gobernuari eskatu diote amaitu dezala musika taldearen aurkako errepresioarekin.