Ikastolen Elkarteak jakinarazi duenez, bertan behera utzi ditu udaberrian egitekoak ziren ikastolen aldeko jaialdiak, koronabirusa dela eta. «Saminez hartu behar izan dugu erabaki hau, ez zegoen beste irtenbiderik. Euskal Herrian eta munduan maiatzerako eta ekainerako antolatutako ekitaldi guztiak bertan behera geratu edo atzeratu egin badira, ezinezkoa zen gu salbuespen izatea», azaldu du Koldo Tellitu lehendakariak.
Argudiatu du lehentasunak beste batzuk direla orain, osasun krisia dela-eta sortutako egoeran. «Larrialdi global hau amaitu bitartean, ezingo dugu ospakizunik egin, are gutxiago ikastolen jaien tamainakorik». Tellituk dio hiru festa horiek beste garai batean egitea aztertzen ari direla: «Guretzat jai hauek oso garrantzitsuak dira. Auzolanaren bitartez ikastolakideon artean harremanak estutzeko erabiltzen ditugu; euskal kulturari bost plaza handi eskaintzen dizkiogu; euskarari bozgorailu handi bat jartzen diogu, eta, era berean, hainbat proiektu aurrera ateratzeko finantzaketa lortzen dugu». Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak bat egin du harekin: «Herri Urratsek proiektu berriak laguntzen ditu, baina bereziki jadanik eginak ditugun zorrak ordaintzen laguntzen gaitu», eta segurtatu du ekitaldia «nahitaez» antolatuko zutela, Ipar Euskal Herriko ikastola guztientzako «baitezpadakoa» delako.
Beñat Bidegain Herri Urratseko lehendakariak adierazi duenez, 1984tik lehen aldia da jai hori ezeztatzen dutela; nahiz eta oraingoz ez duten debekurik jaso, «denen osasuna bermatu» nahi dute. Hala ere, ekitaldia udazken hastapenera atzeratzea pentsatzen dute, baina egunik ez dute finkatu oraindik. «Herri Urrats ezinbestekoa denez, Herri Urrats eginen da. Elkarteak pentsatu du ekitaldia Irailera pusatzea. Momentuko, data ez dugu finkatu; jakin bezain laster jakinaraziko dugu», agindu du.
Antolatzaileei eskerrak emanez
Udazkenean Kilometroak eta Nafarroa Oinez egiten direnez, orduan egiteko zailtasunak daude, aitortu dutenez. Datozen egun eta asteetan hausnartuko dute horren inguruan. Edozein moduz, beste formatu batean egitea ere ez du baztertzen ikastolen elkarteak. Hala iradoki du udaberriko ekitaldiak prestatzeko laguntzen ari zirenei eskerrak emateko eman duen mezuan. «Guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu, eta guztiak aintzat hartuko ditugu udaberriko jai hauek beste egun batzuetara eta, akaso, beste formatu batzuetara eramaten ditugunean». Nagore Fernandez Herri Urratseko kideak prestaketa lanetan aritu diren guraso eta laguntzaileak eskertu ditu: «Dena prest genuen maiatzaren 10eko, baita gastu batzuk aitzinatuak ere. Hainbat gastu, hainbat bilkura ordu, hainbat guraso itzaleko lanetan, eta orain dena zintzilik. Herri Urratsen izenean, eskertu nahi ditugu lan eta lan ari izan diren eta ari diren gurasoak eta laguntzaileak»