Jesus Ricardo Urteaga Txetxu euskal deportatua hil da, Venezuelan, gaixotasun baten ondorioz. Bilbon sortu zen, 1958an, baina urte erdi bat zuenean Azkoitira (Gipuzkoa) joan zen bizitzera haren familia. Lau anai-arrebetan zaharrena zen hura.
Gaztetatik hasi zen militatzen, eta, besteak beste, zentral nuklearraren aurkako mugimenduetan hartu zuen parte. ETApm-n ibilli zen, gero KAA Komando Autonomo Antikapitalistetan, eta, hango kidea zela, 1979an, sasira jo zuen, Ipar Euskal Herrira. 1981n atxilotu egin zuten, Espainiako Gobernuaren estradizio eskaera bat zela eta, baina Parisek ez zuen Espainiaratu. 1984ko martxoan berriro atzeman zuten, eta espetxeratu; handik bi hilabetera, Venezuelara deportatu zuten. Harrezkero han bizi izan zen.
Urte honen hasieran, garunean oso garatuta zeuzkan tumore batzuk atzeman zizkioten.
Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboaren datuen arabera, Urteagaren heriotzaren ondorioz gaur-gaurkoz Venezuelan euskal deportatu bat dago; Kuban hiru daude, eta Cabo Verden, lau. Deportazioan, Urteaga ere kontatuta, hamabi euskal herritar hil dira.