Luizia Zaldibarren

Nahia Sololuze: «Telefonoari adi bizi naiz»

Zaldibarko zabortegiko lur-jausiak azpian harrapatu zuen haren aita Alberto Sololuze, otsailaren 6an. Desagertutako bi gorpuak aurkituko dituzten bermerik ez du Nahia Sololuzek, baina itxaropena badu. Elkarrizketa egin dio Uztarria Azpeitiko aldizkariak (BERRIAk ere argitaratu du).

Nahia Sololuze, joan den astelehenean, Azpeitian. UZTARRIA
2020ko apirilaren 2a
16:52
Entzun

Datorren astelehenean bi hilabete beteko dira Zaldibarko (Bizkaia) zabortegiko lur-jausian Verter Recycling enpresako bi langile desagertu zirenetik: Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran. Aurrenaren alaba Nahia elkarrizketatu du Uztarria Azpetiko (Gipuzkoa) herri aldizkariak, apirileko zenbakirako —Julene Frantzesena kazetariak egin dio—. Bi beharginak oraindik ez dituzte aurkitu, eta Nahia Sololuzek dio «pixka bat etsita» dagoela familia. «Bilatze lanetan ari dira, eta esperantza ez da sekula galtzen, baina... Hau oso gogorra da. Oso luze doa».

Gorpuak aurkitu arte atsedenik ez dutela hartuko kontatu du Nahia Sololuzek (Markina-Xemein, Bizkaia, 1987). «24 ordu zain gaude; telefonoari adi bizi naizela esan dezaket». Azpeitian bizi da.

Haren esanetan, Eusko Jaurlaritzaren larrialdietako ordezkari batekin «etengabeko harremana» dute, eta egunero deitzen die informazioa emateko. «Zabortegira ere joaten gara, eta lanen gaineko azalpenak ematen dizkigute langileek». Herritarren babesa ere eskertu du.

Halaber, Nahia Sololuzek azaldu du abokatu bat hartu dutela, baina haren lana gorpua aurkitu ostean hasiko dela.

Uztarria-k elkarrizketa gaur jarri du sarean, eta, aldizkariarekin hala adostuta, BERRIAk ere badakar gaurko egunkarian. Interneten, oraingoz, Uztarria.eus-en irakur daiteke eduki osoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.