Oposizioak «gardentasun falta» egotzi dio Urkulluri

Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak azalpenak eman ditu Eusko Legebiltzarreko diputazio iraunkorreko bilkuran, EH Bilduk hala eskatuta. Argudiatu du «osasun arduradunen ezagutzan eta unean-unean jasotako informazioan oinarrituta» jokatu dutela.

Murga, Urkullu eta Beltran de Heredia, diputazio iraunkorrean telematikoki azalpenak ematen. IREKIA
Irati Urdalleta Lete.
2020ko apirilaren 2a
16:30
Entzun

«Gardentasunez aritu gara, egunero geneukan informazio egiaztatu guztia eskainiz eta beti egia esanez». COVID-19ak eragindako krisiaren kudeaketan gisa horretara jokatu dutela esan du Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak. Oposizioak, berriz, hori bera kritikatu dio: gardentasun falta. Gaur agerraldi bat egin du Urkulluk Eusko Legebiltzarreko diputazio iraunkorreko bilkuran, EH Bilduk hala eskatuta. Nekane Murga Osasun sailburuarekin eta Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuarekin batera agertu da talde parlamentarioetako ordezkarien aurrean. Eusko Jaurlaritzak koronabirusari aurre egiteko hartu dituen neurriak azaldu ditu, eta zehaztapen bat egin du: «Ez dut inoiz esan dena ondo egin dela».

Maddalen Iriarte Eusko Legebiltzarreko EH Bilduren bozeramaileak hartu du hitza lehenengo. «EH Bilduk jakin nahi du zein den zehazki zuen gobernuaren estrategia aurrerantzean pandemiaren aurka egiteko. Izan ere, orain arte berandu eta gaizki joan zarete», azpimarratu du.

«Gure jokabidea osasun arduradunen ezagutzan eta unean-unean izan dugun informazioan oinarritu da», ziurtatu du Urkulluk. Haren hitzetan, lau lehentasun izan dituzte: osasun larrialdiari erantzutea, pertsonak zaintzea, hezkuntza sistemaren jarraipena babestea eta enplegua defendatzea. Urtarrilaren 22an, Txinan COVID-19 agentea identifikatu eta hamabost egunera, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak gaixotasun infekzioso berrien aholku batzordearen bilera iragarri zuela esan du, eta hortik aurrera egunez egun emandako pausoak zerrendatu ditu. Hiru epe bereizi ditu: aurre hartzea, birusaren hedapena gelditzea eta osasun larrialdia arintzea. Azpimarratu du Osasun Sailak «prestatzeko eta koordinatzeko lan handia» egin zuela hasieran. Birusaren hedapena gelditzeko, berriz, «neurri zorrotzak» hartu zituztela esan du, «kasu batzuetan, gure inguruko herrialdeetan aurrekaririk gabekoak». «Aurre hartzeko, birusaren hedapena geratzeko eta osasun larrialdia arintzeko estrategia emaitzak ematen ari da», erantsi du.

Oposizioa kritiko agertu da. Iriarte Urkulluri mintzatu zaio: «Zure agenda publikoa irakurri diguzu». PPren Eusko Legebiltzarreko bozeramaile Carmelo Barriok, berriz, «planifikazio falta» egotzi dio. Antzeko ildotik jo du Elkarrekin Podemoseko Eusko Legebiltzarreko bozeramaile Lander Martinezek. Kudeaketan «pauso bat atzetik» joan izana egotzi dio, baita ondorioak zehaztu ere: zahar etxeetan berandu esku hartzea, osasun langileen kutsatzeak...

PSE-EEren Eusko Legebiltzarreko bozeramaile Jose Antonio Pastorrek Espainiako Gobernuaren lana ere balioetsi du. Ziurtatu du Pedro Sanchez presidenteak ezarritako konfinamendua «eraginkorra» izan dela, eta lehendakariari esan dio ez izateko zalantzarik: «Espainiako Gobernuak jarritako baliabideak euskaldunenak ere badira».

Enpleguaz kezkatuta

Enpleguaz, ekonomiaz eta industriaz ere aritu dira. «Gaur osasuna eskatzen digutenek bihar enplegua exijituko digute», ohartarazi du Urkulluk. Gainera, haren hitzetan, osasuna eta enplegua bateragarriak dira, eta hala izan behar dute. «Lehenengoa pertsonak dira, lehenengoa osasuna da. Ez da bateraezina enpleguarekin, ezin da izan». COVID-19ak enpleguan, jardueran eta enpresen etorkizuneko bideragarritasunean utzi dituen ondorioak «inoiz ezagutu ez dugun tamainakoak», direla nabarmendu du Urkulluk. Birusari aurre egin behar zaiola eta etorkizunean pentsatu behar dela esan du: «Jarduera berreskuratzeko, denbora eta esfortzua beharko dira. Oso zaila izango da pultsu ekonomikoa berreskuratzea». Iriartek gogorarazi du konfinamenduan egonda ere jendea kutsatzen ari dela. «Litekeena da kutsatu berriak lanean, aldagelan edo lanera joateko autobusean kutsatu izana». Hau esanez mintzatu zaio Urkulluri: «Konfinamenduari izkin egin diozue atzeko atetik, eta horrek ondorio konponezinak izan ditzake. Hori zuen ardura izango da». Martinezek ere gogor kritikatu du Urkullu, eta «Confebasken bozeramaile» bihurtu izana egotzi dio. Gainera, ziurtatu du adituek eta beste lurraldeetako esperientziek erakusten dutela «beharrezkoa» dela ezinbestekoak ez diren jarduerak geratzea. Joseba Egibar EAJren Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak ere hartu du hitza. Esan du gutxiengo industria mantentzeko segurtasun neurriak behar direla «langileak ezin dira edozein baldintzatan eraman lanera».

Krisitik ateratzeko elkarrekin lan egitea beharrezkoa izango dela azpimarratu dute alderdiek. Iriartek esan du EH Bilduk hasieratik «kolaborazioa» eskaini ziela, baina ez zietela erantzun. Egibarrek «partekatzearen alde» egin du, eta Urkulluk ere gobernuak «kolaborazioa lehenesten» jarraituko duela esan du. «Ez da eztabaidarako, banaketarako eta demagogiarako momentua, eskua luzatu eta egoera honetatik denok batera ateratzekoa baizik».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.