Manuel Castells Espainiako Unibertsitate ministroa erkidegoetako hezkuntza arloko arduradunekin batzartu da, argitzeko zer egin datozen hilabeteetan 2019-2020ko ikasturtearen amaierarekin, eta nola ebaluatu ikasleak. Ministerioa txosten bat egiten ari da ondorioak jasotzeko, baina unibertsitateen esku dago erabakia.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak jakinarazi duenez, unibertsitateko ikasturtea bukatzearen alde egin du bileran, eta unibertsitateen «autonomia» defendatu du. Hiru arloren inguruan agertu du Jaurlaritzak desadostasuna: aurrez aurreko klaseak bukatzeari buruz, unibertsitateko praktiketan %50eko salbuespena egiteaz eta unibertsitateko ikasturtearen amaiera bateratzeaz. «Proposamen horiek ez dituzte errespetatzen ez Euskadiren eskumenak, ez Euskal Unibertsitate Sistemako unibertsitateen autonomia, ez Unibasq Kalitate Agentziaren independentzia», salatu du Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak. Aurrez aurreko klaseak eteteari buruz bi aukera aztertzen ari direla adierazi dute: «Ikasturte honetan aurrez aurreko prestakuntza berreskuratzeko aukera, edo egungo ikasturteari ikasgeletatik kanpo aurre egiteko beharra». Unibertsitateko langileak «bi agertoki horiek lantzen ari dira, eta agertoki baterako eta besterako hainbat jarduera egiten ari dira», azaldu dutenez. Ikasleei lasaitasun mezua helarazi nahi izan die Hezkuntza Sailak: «Ikasle bakar batek ere ez du galduko ikasturtea koronabirusaren eraginez».
BERRIA harremanetan jarri da EHU Euskal Herriko Unibertsitateko errektoretzarekin, eta unibertsitateak jakinarazi dio aztertzen ari direla zer egin, baina oraindik ez dutela erabakirik hartu. Cristina Uriarte Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua bihar batzartuko da EHUko, Mondragon Unibertsitateko eta Deustuko Unibertsitateko buruzagiekin, gaia aztertzeko.
Ebaluazio malgua
Castellsek proposatu du erabat malgu jokatzea ebaluatzeko garaian. Haatik, horretarako modua zentro eta ikasgai bakoitzean erabaki beharko dute. Bileran, bat etorri dira esanez malgutasun horrek ikasleentzako irizpide argiak ere behar dituela, eta irizpide horiek irakasle, sail edo fakultate bakoitzak argitaratu beharko dituela.
Ez dira ados jarri, ordea, ikasturtea amaitzeko egunean. Castellsek oraingoz ez du plazaratu bere iritzia.