Ingurumena

Hegoaldeko hiriburuetako airearen kutsadura %46 apaldu da martxoko bigarren hamabostaldian

Nitrogeno dioxidoak eragindako kutsadura atmosferikoaren maila neurtu du Ekologistak Martxan taldeak. Hiri mugikortasuneko politikak aldatzeko eskatu dute: «asmo handiko emisio txikiko eremuak» proposatu dituzte.

Errepideak hutsik, Arratzu-Ubarrundia, joan den asteko argazki batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Andoni Imaz.
2020ko apirilaren 2a
15:34
Entzun

Koronabirusari aurre egiteko ezarritako neurriek berehalako eragina izan dute airearen kalitatean. «Hobekuntza orokorra izaten ari da, hirietako erdiguneetan zein kanpoaldean, zirkulazioa mugatzeko neurriak ere orokorrak izan baitira», Ekologistak Martxan taldearen arabera. Nitrogeno dioxidoaren (NO2) datu ofizialak aztertu dituzte txosten batean: 2020ko martxoko datuak aurreko hamar urteetan hartutakoekin konparatu dituzte, eta aldea «nabarmena» da, haien esanetan. Hego Euskal Herrian, hilabetearen bigarren zatian mugatu zuten mugikortasuna, 14tik aurrera; beraz, azterketa horrek martxoko airearen kalitatearen «irudi finko bat» erakusten du, konfinamendu neurriak ezarri aurreko eta ondorengo datuak baitaude.

Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, alarma egoeran erregistratutako NO2aren maila azken hamarkadan martxoko bigarren hamabostaldian jasotako baxuena da. Gainera, ekologistek adierazi dute Osasunaren Mundu Erakundearen urteko gidaren «oso azpitik» daudela, gainontzeko urteetan ez bezala.

Kutsaduraren murrizketa %46 izan da batez beste: Bilbon, %40; Donostian, %41; Gasteizen, %54; eta Iruñean, %49. Aldea handiagoa da trafiko handiko lekuetan hiri ondokoetan baino. Bilbon eta Donostian kutsadura gutxiago murriztu da, «beharbada faktore meteorologikoengatik». Bestela ere, euriek eta martxoko ezegonkortasun atmosferikoak ere asko lagundu dute airearen kalitatea hobetzen.

Talde ekologistak ondorio argia atera du: hirietako motor trafikoa murrizteak nabarmen gutxitzen duela kutsadura eta, beraz, osasun publikoa hobetzen duela. Hori guztia osasun larrialdiko egoera batean gertatzea paradoxikoa den arren, instituzioei adierazi diete badela nahikoa arrazoi mugikortasun politikak aldatzeko: «Emisio txikiko eremuak ezarri beharko lirateke, garraio publikoa berreskuratu eta bizikleta eta oinezkoen zirkulazioa indartu, ibilgailu motordun pribatuaren ordezko garraiobide gisa», eskatu dute.

Nitrogeno dioxidoa autoen ihes hodiek isurtzen duten kutsatzailerik ohikoena da; hortaz, haren bilakaera erabat lotuta dago motor trafikoaren isurketekin. «Gas narritagarria da, eta arnasketako gaixotasunak larriagotzen ditu, baita hainbat heriotza goiztiar eragin ere», azaldu du Ekologistak Martxan-ek.

Bilbon, Europa parkean, Arraizen, Mazarredon eta Maria Diaz de Haron egin dituzte neurketak. Donostiako erregistro puntuak Añorgan, Eason, Puion, Tolosa hiribidean eta Ategorrietan daude. Gasteizen, Herrandarren kalean, Martxoaren Hiruaren plazan eta Gasteiz hiribidean neurtu dute airearen kalitatea. Iruñean, Iturraman, Arrotxapean eta Gurutzeko plazan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.