Osasuna bermatzen ez duten enpresak, fiskaltzara

LABek langileen kexak igorriko dizkio, zigor instrukzioko prozesuak ireki ditzala eskatzeko. Ohartarazi du oinarrizko zerbitzu batzuk «kolapsoan» daudela. ELAk, berriz, materiala bermatzeko eskatu dio EAEko Auzitegi Nagusiari.

Donostiako ospitaleko langile batzuk, mobilizazio batean. JON URBE (FOKU)
jokin sagarzazu
2020ko apirilaren 2a
15:29
Entzun

LAB sindikatuak iragarri du auzitara joko duela, oinarrizko lanetan ari diren eta «bizia arriskuan jartzen ari diren» langileen egoerak salatzeko eta haien osasun eskubidea babesteko. Fiskaltzaren esku jarriko ditu salaketa horiek, zigor instrukzioko prozesuak ireki ahal izateko.

Halaber, sindikatuko kideek Ertzaintzari dei egingo diote, egoera horiei unean-unean eta lekuan bertan «aurre egiteko» neurriak har ditzaten eskatzeko, eta «idatzizko salaketak» igorriko dizkiete «agintari eskudunei». LABek azaldu duenez, orain arte sindikatuek egoera horiek salatu dituzte Lan Ikuskaritzan, baina ez dute «inolako erantzunik» jaso.

Youtube bidez eginiko agerraldi batean, Zerbitzu Pribatuetako idazkari Maddalen Doradorrek eta Zerbitzu Publikoetako idazkari Gorka Berasategik ohartarazi dute «kolapso egoerak» sortzen ari direla oinarrizko zerbitzu batzuetan, leku horietan dagoen «kutsadura mailagatik».

«Azpikontratuak, emakumeak, ikusezinak»

Nabarmendu dute egoera hori bereziki larria dela sektore feminizatuetan: saltokietan, telemarketingean, etxeko lan eta garbiketa sektoreetan... Eta, bereziki, osasungintzan, adinekoen egoitzetan eta etxez etxeko laguntzako zerbitzuetan. Familien, egoitzetako langileen eta erabiltzaileen arteko komunikazioa bermatzeko ere eskatu dute, «mundu guztiak ezagut ditzan babes neurriak eta martxan dauden protokoloak».

Horren harira, gogoratu dute sektore horietan ari diren enpresa eta langile gehienak administrazioak azpikontratatuak direla, eta ardura badutela; salatu dute, baina, erakundeak «beste alde batera» begiratzen ari direla eta ez direla pertsona horien «segurtasunaren alde» egiten ari. Horiek hala, ohartarazi dute langile horien artean kutsatzeak «modu ikusgarrian areagotzen» ari direla.

«Gaur milaka emakumek babes ekipamendurik gabe lan egingo dute, euren osasuna eta gertukoena arriskuan jarriz», adierazi dute, egunero osasun zentroetara joaten diren garbitzaileei erreferentzia eginez, eta gogoratu langile horiei osasun etxe eta enpresetako beste langileen «protokolo bera» aplikatu beharko litzaiekeela.

Sindikatuko kideek gaitzetsi dute langile horiek «ikusezinak» direla, eta azpimarratu alarma egoeraren hirugarren astean eskatzen ari direla hasieran aldarrikatu zituzten babes neurri berberak. Baina salatu dute administrazioa industriaren sektorea lehenesten ari dela. «Babes neurriak industria handiaren iraupenera bideratzen ari dira. Hau ez da kasualitatea, sistema honen diru gosea emakumeon bizkarrean jarritako eta ezkutatutako zaintza lan horiei guztiei esker bizi delako», salatu du LABek.

Auzitegira, material eske

ELAk, berriz, helegite bat aurkeztu du EAEko Justizia Auzitegi Nagusian, Osakidetzak berehala eman diezazkien babes materialak bere langileei. Sindikatuak gogoratu du martxoaren 31 arte Osakidetzako 1.145 langilek eman dutela positibo koronabirusagatik; horietatik 44 ospitaleratu behar izan dituztela, eta horietako bat hil egin dela. Positibo guztien % 18 Osakidetzako langileenak direla azpimarratu du, eta ehuneko hori Espainiakoa eta Italiakoa baino handiagoa dela.

«Gizartearen elkartasuna oso positiboa da, baina ez dugu ahaztu behar langileen segurtasuna ezin dela hirugarren pertsonen borondatearen mende egon; Eusko Jaurlaritzak bermatu behar duela», adierazi du ELAk komunikabideetara bidalitako ohar batean.

Sindikatuak berriro eskatu du funtsezkoak ez diren zerbitzu guztiek beren jarduera eteteko. Azaldu du horrek, kutsatze katea ekiditeaz gain, eskuragarri dauden babes ekipamendu guztiak funtsezko sektoreetara bideratzea ahalbidetuko lukeela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.