Patronala, Sanchezekin suminduta

«Buruarinkeriaz» jokatzea egotzi dio Confebaskek Espainiako Gobernuari, eta Nafarroako Enpresarien Konfederazioak, berriz, «galga» jartzea susperraldi ekonomikoari. Tapiak dio «zirrikituren bat» dagoela enpresek irekita jarraitzeko.

Elizondoko PEVI enpresa, ateak itxita. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
jon olano
2020ko martxoaren 30a
12:00
Entzun

Espainiako Gobernuak ordaindutako baimenak arautzeko eta funtsezko jarduera ez den oro eteteko dekretua argitaratu eta biharamunean, patronala haserre agertu da Pedro Sanchezen gobernuarekin. Eduardo Zubiaurre Confebaskeko presidenteak haserre hitz egin zuen atzo Euskadi Irratian, eta «onartezintzat» jo zuen funtsezkoa ez den ekonomiaren etetea: «Enpresa bat ezin da itxi larunbat iluntze batean aldez aurretiko abisurik gabe. Oso larria da. Tentuz hartutako neurriak behar ditugu, gobernu arduratsuak, eta ez buruarinkeriaz neurriak hartzen dituztenak».

Nafarroako Enpresarien Konfederazioa ere suminduta agertu da, uste baitu herrialde horrek «zailtasun handiak» izango dituela «jarduerari eta enpleguari eusteko», argudiatuta industria dela Nafarroako ekonomiaren «zutabeetako bat». Ildo horretan, «erabateko kezka» azaldu du, industriak barne produktu gordinean duen pisua «oso handia» delako.

Areago, uste du Espainiako Gobernuaren neurriek galga jarriko diotela Nafarroako ekonomiaren susperraldiari, eta eskatu du «ezohiko neurriak» hartzeko lurraldearen «ehun produktiboa desegin» ez dadin. Konfederazioak aitortu du lehentasuna osasunak izan behar duela eta ahaleginak egin behar direla pandemiari aurre egiteko, baina erantsi du enpresak «ardura handiz eta protokoloak ezarriz» ari direla zeregin horretan.

Irekitzeko «zirrikituren bat»

Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuari elkarrizketa egin diote Euskadi Irratiko Faktoria saioan. Haren gobernuari ez zaio gustatu Espainiako Gobernuak hartutako neurria, «baina egina dago». Madrilek siderurgia funtsezkotzat jo ez duen arren, Tapiak ikusten du «zirrikituren bat» enpresak irekita mantentzeko. Dekretuan zehaztutako salbuespenak interpretatu beharko dituzte zer egin litekeen ikusteko. 24 orduko luzapena «beharrezkotzat eta gutxienekotzat» jo du «itxiera ordenatu bat» egiteko.

Tapiak ostiral arratsaldean hitz egin zuen Reyes Maroto Espainiako Gobernuko Industria ministroarekin, eta, ekonomia eteteko erabakiari buruz galdetu zionean, hark erantzun zion hori «aztertzen ari ziren jokaleku bat» besterik ez zela, eta gezurtatu egin zion filtratutako zirriborro batean jasotako neurriak egiazkoak zirela. «Zerbait aldatuko zen ostiral arratsaldetik larunbat arratsaldera», esan du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.