Koronabirusa

Espainiako Gobernuak eten egingo ditu funtsezkoak ez diren jarduera guztiak

Sanchezek iragarri du funtsezkoak ez diren lanetan aritzen diren langileek etxean geratu beharko dutela martxoaren 30etik apirilaren 9ra. Ohiko soldata jasoko dute, eta lanorduak gero egingo dituzte, «mailaka». Komunikabideak funtsezkotzat jo ditu Sanchezek.

Pedro Sanchez, gaurko agerraldian, Moncloan. EFE
Andoni Imaz.
2020ko martxoaren 28a
19:14
Entzun

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak iragarri du funtsezkoa ez den jarduera oro etengo dutela. Ministroen Kontseiluak igandean onartuko du neurri hori. «Ezohikoa da: funtsezko lanetan aritzen ez diren langile guztiek etxean geratu beharko dute datozen bi asteetan», adierazi du Sanchezek, Moncloatik egindako presazko agerraldi telematikoan.

Astelehenetik aurrera egongo da indarrean «ordainpeko baimen berreskuragarria». Ordutik aurrera, langileek ohiko soldata jasoko dute, eta egin gabeko lanorduak geroago egingo dituzte, «mailaka, eta denboran banatuta». Hainbat hedabidek zabaldu dute baimen hori enpresek ordainduko dutela, eta horregatik berreskuratuko dituztela lanorduak gero.

Espainiako Gobernuak bihar zehaztuko du zer diren «funtsezko jarduerak», baina Sanchezek aurreratu du «alarma egoera ezartzeko dekretuan aipatutakoak» direla. Komunikabideak funtsezkotzat jo ditu, besteak beste.

Quim Torra Kataluniako Gobernuko presidenteak, besteak beste, eskatua zion Sanchezi neurri hori hartzeko, baina Espainiako Gobernuak gaur arte eutsi dio ekonomiaren jarduerari. Neurri «sendo eta gogor» hau Aste Santuaren atarian hartu nahi izan dute.

«Proposatu dugu Aste Santuko jaiegunak aurreratzea, langileek baimena erabiltzeko. Orain, Aste Santuaren atarian, mugikortasuna modu zuzenagoan eten dezakegu, eta horrek arindu egingo du ospitaleen eta zainketa intentsiboetako unitateen gaineko presioa», Sanchezen esanetan.

Gobernuaren asmoa da konfinamendua gogortzea, koronabirusa gehiago hedatzea eragozteko eta osasun sistema ez kolapsatzeko. Gobernuak esana zuen ZIUetan arazoak izango dituztela kutsatuen gailurra igaro eta gero.

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak joan den asteartean esan zuen langileen osasunarekin «bateragarriak» diren jarduera ekonomikoekin jarraitu behar zela, «koma ekonomikoa eragozteko». Sanchezek azaldu du bihar onartuko duten neurria «erabateko itxialdiaren alternatiba» dela. Oso neurri «gogorra» da: «Nik eman dezakedan guztia sakrifizioa, erresistentzia eta garaipenerako morala dira».

Ikertzaile talde batek Hego Euskal Herria «erabat ixtea» gomendatu zuenThe Lancet aldizkarian argitaraturiko artikulu batean. «A motako guneek (≥100 kasu 100.000 biztanleko azken zazpi egunotan) erabateko itxialdia ezartzea gomendatuko genuke, oinarrizko zerbitzuak izan ezik (erietxeak, osasungintza eta ikerketa zentroak) gutxienez 15-21 egunerako». Hego Euskal Herria aipatzen dute itxi beharreko gune horien artean.

Osakidetzako mila langile inguruk ere eskari bat sinatu zuten funtsezkoa ez den jarduera oro eteteko.

Europarentzako mezua

Konfinamendua gogortuko dutela esan aurretik, Sanchezek neurri gehiago har ditzala eskatu dio EB Europako Batasunari: «Europak erantzun ekonomiko bateratu bat eman behar dio pandemia honi. Eta gerra ekonomia behar du». Nabarmendu du «erresistentzia» garaia dela, eta osasun larrialdia igarotakoan EBk lagundu egin beharko diela krisialdian zorpetutako estatuei.

Sanchezek esan du ez dela «erne egoteari uzteko» garaia, «borroka areagotzekoa» baizik. Azaldu du orain arte hartutako neurriek lagundu dutela mugikortasuna gutxiagotzen, baina asteburuetako kopuruari eutsi behar zaiola hemendik aurrera, lan jarduera guztien etenaldian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.