Jarduera ekonomikoa

Hego Euskal Herria "erabat ixtea" gomendatu dute

Aditu talde batek eman du gomendioa, kasu kopurua ikusita. Diagnostikaturiko 300.000 kasu egongo dira asteburu honetan Europako Batasunean.

Sindikatuek atzo deituriko protesta, Sidenorren Basaurin. MARISOL RAMIREZ, FOKU
Edu Lartzanguren.
2020ko martxoaren 28a
11:44
Entzun

Ikertzaile talde batek Hego Euskal Herria "erabat ixtea" gomendatu du The Lancet aldizkarian argitaraturiko artikulu batean. "A motako guneek (≥100 kasu 100.000 biztanleko azken zazpi egunotan) erabateko itxialdia ezartzea gomendatuko genuke, oinarrizko zerbitzuak izan ezik (erietxeak, osasungintza eta ikerketa zentroak) gutxienez 15-21 egunerako". Hego Euskal Herria aipatzen dute itxi beharreko gune horien artean. Oriol Mitja, Joe Brew eta Jose M. Benlloch ikertzaileek sinatu dute txostena, besteak beste.

Adituok gogor kritikatu dute Espainiako Gobernuak izurriaren aurrean izaniko jarrera. "Kezka" adierazi dute Madrilek harturiko "neurri mugatuekin". Adituen arabera, mugimendua erabat mugatu beharko litzateke, eta lana eten. "Ezinbestekoak ez diren jarduera ekonomiko oro" debekatzearen aldekoak dira ikertzaileok, eta gogoratu dute "diagnostikorako probak intentsiboki" erabiltzeak emaitza onak ekartzen dituela.

Europan 300.000 kasu

Kataluniako Unibertsitate Politeknikoko matematikari talde batek izurriaren garapena aurreikusteko modelo bat landu du, eta emaitzak oso kezkagarriak dira: Asteburu honetan, 300.000 pertsona egongo dira COVID-19 gaitzarekin diagnostikaturik Europako Batasunean (230.000 zeuden atzo). Katalunian 19.000ra helduko dira (14.263 ziren atzo), eta Espainian, 90.000ra (64.059 ziren atzo).

Ikertzaileek azaldu dutenez, herrialdeen hilkortasun tasa ezberdina izan daiteke adin taldeen proportzio ezberdina dutelako, bakoitzaren osasun sistemaren ahamenarengatik, eta diagnostikatzeko eginiko proba tasarengatik. Azaldu dutenez, Italian kontrolatuta daukate izurriaren zabalkundearen abiada; Espainian, ordea, ez.

Txinan harturiko neurriak goraipatu dituzte ikertzaileok, eta ohartarazi dute Europan ere, Asiako herrialdean bezala, normaltasunera poliki eta epeka itzuli beharko da, gaitza berriz zabal ez dadin.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.