Nafarroako Gobernuaren neurri sorta

2020ko martxoaren 27a
13:14
Entzun

Covid 19-ak eragindako egoera bereziaren aurrean, azken egunotan bi foru dekretu onartu ditu gobernuak: bata, martxoaren 18an eta bestea hilaren 25ean. Hona, laburbilduta neurriok.

Zeintzu dira administrazio publikoan hartuko dituzten neurriak?
Funtzio publikoko lan arloko arduradunek neurri bereziak hartu ditzakete langileekin, “pertsonen, tokien eta ondareen babesa” bermatzeko: ezohiko zerbitzuak egitera behartu ditzakete; tokiz aldatu;  aurrez onartutako lanaldi murrizketak, baimenak eta oporraldiak bertan behera utzi... Dena den gehienez ere astean 70 ordu egingo dute lan, atsedenaldiak bermatuz. 

Behin behineko langileak kontratatzerakoan, zerrendatik egingo da tira eta irizpide orokor gisa, ordena errespetatuko da. Dena den, salbuespenezko kasutan, lanpostuak eskatzen duen ezagutzagatik edo ezaugarriengatik egokitzat jotzen diren pertsonak kontratatu ahalko dira.

Administrazio publikoak kontratutako zerbitzuei egungo egoerak eraginez gero, adjudikatzaileek  izandako diru sarretan izandako galerengatik edo gastuen igoeragatik kalte-ordainak jasotzeko aukera izango dute. Jakina, jasandako kalte hori egiaztatu beharko du

Osasun arloan zer neurri gehiago hartuko dira?
Goiko neurriak batik bat osasun arloko langileentzat dira, baina, gainera, 70 urtetik beherako eta erretiratutako profesionalak kontratatu daitezke berriro. Halaber, egoerak eskatzen dituen erosketak egiteko edo zerbitzuak kontratatzeko prozedurak azkartuko ditu.

Horrez gainera, Osasun departamenduaren menpe geratuko dira kliniketako eta mutualitateetako langileak. Krisiak irauten duen bitartean, sare publikoak herritarren beharrei erantzunteko nahikoa baliabiderik ez badu, zentro pribatuak eta euren langile zein baliabideak kontseilariaren menpe daude.

Gizarte arloko zer neurri hartu dituzte?
Menpekotasuna duten pertsonak zaintzeko pertsonak kontratatzerakoan jarri ohi diren bi baldintza (senide izatea edo ezagutza profesionala izatea) bertan behera geratzen da eta soilik 18 urtetik gorakoa izatea eskatuko da.

Gizarte Eskubideen eta Migrazio Politiken departamenduek emandako laguntzak aldatu ditzakete, ikusiz gero Covid-19aren ondorioz lagundutako zerbitzu horiek ezin direla osorik edo partzialki bete: kaltea egiaztatutako kasuetan, ez dute dirua itzuli beharko.

Zahar etxeei dagokionez, gobernuak zentro berriak abian jar ditzake “osasun krisiaren ondorioz sektore hauskorren arreta sendotzeko asmoz”. Autonomiarako eta Gapanerako Nafarroako Agentzia arduratuko da zeregin horretaz.

Genero indarkeria jasandako emakumeen babeserako dauden tokietan (larrialdi zentroak, arreta-etxea, etxebizitza-erresidentziak...), ohiko legediak ezarritako gehienezko epeak bertan behera geraten dira.

Etxebizitzen atalean, alokairuan bizi diren gazteei zuzendutako EmanZipa programaren babesa martxoaren 14tik langabezian den edozein herritarri luzatuko zaio, eta etxebizitza sarbiderako kenkari berezien David izeneko programa egoera zurgarrian den orori. Babestutako etxebizitzen laguntzak automatikoki berrituko  dira, eta errentaren %75era zabalduko da kopurua.

Zer neurri ekonomiko hartu dituzte?
Oraingoz, ehun milioi euroko funts bat eratu dute: iazko superabitetik eta Espainiako Gobernuak erkidegoei urte honetarako baimendutako %0,2 defizitatik finantzatuko da. Beharraren arabera, handitu egin daiteke kopurua. Oraindik ez dute ondo zehaztu nola egingo dute diru banaketa, baina aurreratu dutenez, Covid-19ak eragindako hainbat sektoreren gastuei aurre egitea izango du helburu (hala nola, enpresa txiki eta ertainak, autonomoak, hezkuntza eta osasun arloko gastuak, gizarte politikak, familia eta lana uztartzeko neurriak...).

Horrekin batera, enpresa publikoek abalak zein maileguak emateko gehienezko muga zabaldu egingo da 40 milioi eta 30 milioi eurora arte. Maileguen kasuan, guztira, 149 milioi euroko arriskua sostengatu dezakete eta abalek 107 milioi eurokoa. Gaur bigarren bilera du Nafarroako Gobernuak gizarte eragileekin eta hor aztertuko dira zer neurri gehiago hartu.

Zergen arloan zer neurri hartu dituzte?
Nagusiena da autonomoei errenta zergan urtarriletik ekainera arteko ordainketak bertan behera utzi dizkietela. Gainera, autonomoei zein sei milioi eurotik behera fakturatzen duten enpresei zor ororen ordainketak zazpi hilabetez atzeratuko dizkiete, interesik gabe.

Horrez gain, ordainketak atzeratu egingo dituzte: BEZ, errenta eta sozietate zergetan lehen hiruhilekoko autolikidazioak borondatez aurkezteko eta ordaintzeko epea ekainaren 1era atzeratuko dute —egungo epemuga apirilaren 20a zen—. Gauza bera otsaileko autolikidazioen kasuan: apirilaren 30era atzeratuko dituzte. Horrekin batera, apirilaren 14ra arte Ogasunarekin kitatu beharreko zorra hilaren amaierara atzeratuko da, eta zorraren berri martxoaren 14tik aurrera eman dietenei ekainaren 1era luzatuko diete. Indarrean den zorren ordainketa hilabete batez atzeratuko da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.